Fashion Pact: Jasangarritasunaren aldeko apustua ala itxurakeria?

Modaren heren bat, salmenten bolumena kontuan hartzen badu behintzat, Biarritzen elkartu zen pasa den abuztuaren 26an Fashion Pact deitu duten akordioa iragartzeko. G7 probesturik, ehungintzan aritzen diren 32 enpresa aldaketa klimatikoan duten eragina gutxitzera konprometitu ziren, baita kutsadura murriztera ere eta bioaniztasuna bermatzera. Lege loteslerik gabeko konpromisoa da ordea eta horregatik azaldu dute ONG-ek itxurakeriazko estrategia bat besterik ez dela euren izena hobetzeko.
Modu bateratuan igorritako komunikatuaren arabera, sektoreak onartzen du uretara doazen hondakinen %20 igortzen duela ehungintzak eta karbono emisioen %10 ere euren errua dela. Zifra horiek murrizteko erabilera bakarreko plastikoa gutxitzea dute helburu eta 2030. urterako energia berriztagarriak erabiltzea ehuneko ehuenan, horrela, 2050. urterako negutegi efektua sortzen duten inongo gasik ez igortzeko. Material sintetikoen mikrozuntzak murriztea da beste helburua eta ozeano eta ibaietara produktu kimikoak ez jaurtitzea.
Ur-hegazkin bateko ur guztia bakero bat ekoizteko
Greenpeace-k argitaratutako datuen arabera ehun ekoizpenak urtean 1.200 milioi tona gas igortzen ditu negutegi efektuarekin lotuta daudenak eta 500.000 tona mikroplastiko zuntz itsasoan galtzen dira.
Kutsadura ordea, ez da sortzen arropa ekoizteko prozesuan soilik, poliester jantzi bat garbitzen den bakoitzean milioi bat mikroplastiko zuntz askatze dira Greenpeace-n ikerketen arabera eta zoritxarrez ez dago partikula horiek jasotzeko teknologiarik.
Etorkizuneko ur eskasiaren arriskua egonik harrigarria da ehun sektoreak nola xahutzen duen ura. Jeans bat ekoizteko 11.800 litro ur behar dira, ur-hegazkin batean suteak itzaltzeko kabituko litzatekeen kopuru berdina. Kotoizko kamiseta bat sortzeko behar den kantitatea aldez murritzagoa da: 2.700 litro ur, hau da, urez betetako igogailu bat adina.
Jasangarritasunaren aldeko apustua edo itxurakeria?
Fashion Pact akordioak argi uzten du ez dela loteslea, jasangarritasunera bidean nahi duenak jarraitu dezakeen pauta bat izan nahi du ehun sektorearen barruan, besterik ez. Inditex-ek adierazi duenaren arabera, akordioaren barruan dauden enpresek aldizka bilerak egingo dituzte ekintzak ebaluatzeko. Halere, aipatu bezala akordioak ez du inor ekintzara konprometitzen eta beraz, pautak modu boluntarioak jarraituko ditu nahi dituen horrek.
Inditex-en kasuan, paktu honen aurretik jada iragarri zituen zenbait neurri ildo honetan: 2020an erabat ezabatuko ditu plastikozko poltsak, 2025a baino lehen enpresaren 8 marketan erabiliko den kotoia, lihoa eta poliesterra %100 organikoa izango da, jasangarria eta birziklatua.
Haatik, ikusirik paktuan dauden enpresa handi gehienek ez dutela benetako intentziorik arazoari irtenbidea bilatzeko Greenpeace-k azaldu du kontsumitzaileak saiatu behar duela bere arroparen bizitza luzatzen gutxiago kontsumitu dadin.
Akordioan ahaztuak geratu dira arropa hondakinak
Erabili ondorengo arropak sortzen duen hondakinek ingurugiroan eragiten duten kaltea murrizteko irtenbideez ez da hitz egin akordioan. ONG-en arabera hori ere enpresa hauen ardura da, non bota arropa? Horretara bideratua dauden zakarrontzi gutxi daudela irizten diote erakunde hauek.
Arropa erabiliarekin egin beharko litzatekeenaren adibide egokia H&M multinazionalak eskaintzen du. 2013. urtetik arropa zaharra uzteko ontziak daude euren dendetan eta askotan, ekintza honengatik etorkizuneko erosketak egiteko deskontuak eskaintzen ditu. Iaz 25.000 tona arropa biltzea lortu zuten eta 2030. urterako material birziklatu edota jasangarria soilik erabiltzea dute helburu.