Farorantz

Farorantz https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/05/13
kritika
Testua: Iraitz Ugalde
Idazlea: Virginia Woolf. Itzul.: Anton Garikano
173.zenbakia
Farorantz
Bloomsbury talde intelektualeko partaide izan zen Virginia Woolf XX. mende hasieran. Bere testuei feminismoan eta literaturan balio handia eman zaie. Horien artean da Garikanok euskaratu zuen Farorantz eleberria, modernismoaren barruan sailkatzen den lana, berriki berrargitaratua.
Deskriptiboa, xehea eta detailez josia da Woolfen idazkera. Irakurketa mantsoa eta mardula. Ez da pertsonaia bakarraren ikuspuntuarekin konformatzen, mahaiaren inguruan eseri diren guztien buruetatik paseatuko du irakurlea arreta osoz. Pentsamendu ezkutuen jakitun, irakurleak pertsonaien jokaeren atzean dagoena gertutik ulertu ahal izango du.
Hasiera batean, aisialdi giroan, kresala usainez eta naturaren presentzia handiz, baina batez ere pertsonaien barne paisaiari garrantzia emanez, kontatzen dira farotik gertu dagoen etxean Ramsaytarrek eta euren kirakoek bizi dituzten gorabeherak. Gerora, gerra garaian, hutsik dirau etxeak. Endekapenak abaildutako hormek ozta eusten diote Ramsaytarren oroitzapenari. Gatazka atmosfera arindutakoan, bizirik iraun dutenak etxera itzultzen dira. Hamar urte lehenago zintzilik geratu zirenak berrartuko dituzte, lehen sekula ez baitzen farora joateko egun ona, baina aldatu dira garaiak.