Fantasiazko film laburren sorkuntzarako deialdia

Fantasiazko film laburren sorkuntzarako deialdia Gehienez hogei minutuko iraupena izango duen fantasiazko filmaren gidoia aurkeztu beharko dute 35 urte arteko sortzaile berriek. Maider Oleaga zinemagilea izango da mentorea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fantasiazko-film-laburren-sorkuntzarako-deialdia/@@download/image/maider.png
2021/10/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gehienez hogei minutuko iraupena izango duen fantasiazko filmaren gidoia aurkeztu beharko dute 35 urte arteko sortzaile berriek. Maider Oleaga zinemagilea izango da mentorea.
Fantasiazko film laburren sorkuntzarako deialdia

Fantasiazko generoaren loraldi garaian sortu zen Oihua! film laburren lehiaketa 2019an, Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-ek bultzatutako ekimena. Lehenengo edizioan Paul Urkijo zinemagilea izan zen mentorea; proiektu irabazlea, berriz, Zerua hautsi zen gaua, Maria Fontan donostiarrarena. Bigarren deialdi honetan Maider Oleaga zinemagilea izango dute bidelagun.

Deialdiaren asmoa, beste behin, euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza berria saritzea izango da, eta horretarako ikus-entzunezkoaren arloko profesionalen zeharkako aholkularitza ezarri da hautatutako proiektuarentzat. Horren azken emaitza film labur bat ekoiztea eta zuzentzea izango da, hori guztia Larrotxene Bideo-ren tutoretzapean. Film laburra 2022ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean estreinatuko da.

35 urte arteko sortzaile berriei zuzenduta dago deialdia eta euskaraz idatzitako gidoi original bat aurkeztu beharko dute. Norbanakoek har dezakete parte, ez kolektiboek, eta aukeratutako hautagaiak erabakiko du bere gidoia zuzendu nahi duen, bere interesaren eta prestasunaren arabera. Hala ez bada, antolatzaileek bermatuko dute gidoiaren zuzendaritza. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoan egin beharko da.

Hautagaitzak abenduaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira larrotxene_bideo@donostia.eus helbidean. Film laburraren gidoia, eskatzailearen datuak, curriculum vitae-a eta motibazio gutuna bidali beharko dira, besteak beste. Ebazpena urtarrilaren 21a baino lehen jakinaraziko zaio hautatutako pertsonari. 

Deialdiaren oinarriak Donostia Kulturaren webgunean daude jasoak.