Fantasia larruazalean

Fantasia larruazalean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fantasia-larruazalean/@@download/image/39p24-1_1368476125.jpg
2004/03/05
erreportajea
Alex Cabello
Estetika hobetze aldera, piercing-a edo tatuajea jartzea pentsatu baduzu, larruari kolorea eman nahi badiozu, irakur itzazu ondorengo lerroak, azken joeren berri emango dizugu-eta.

Gero eta jende gehiago hurbiltzen da piercing eta tatuaje estudioetara ukitu pertsonalaren bila. Eta horretan, irudimena da muga bakarra. Kontu hauetan gure gizartea ikasia dela argi dago, eta horren isla da tatuajea edo piercing-a paratzerakoan erakusten den exijentzia.

Duela 10 urte inguru tatuajeak zabaltzen hasi zirenean, marrazki tribal txikiak eta animaliak nagusitu baziren ere, orain marrazki handiak, ondo zehaztutakoak, estimatzen dira. Tribalak dira gehien aukeratutakoak oraindik: bai ñabardura pertsonalez beterikoak, bai klasikoak, tahitiarrak eta japoniarrak kasu.

Tatuajeetan, ekialdea nagusi

Letra txinatarrak dira bezeroen kutunenak. Sinbologia handia izaten dute, eta kasurik okerrenean, oso ondo ateratzen ez badira ere, bost axola; askorentzat hizki ulertezinak besterik ez dira-eta. Ekialdetik datozkigu ere marrazki japoniarrak: kutsu erlijiosoa dute, klasikoak dira, eta koloreez eta ondo marraztutako lerroez eginak daude. Herensugeak, tigreak eta antzinako heroiak dira hautatuenak.  

Koloreetan, beltzak jaun eta jabe izaten jarraitzen du, gehienetan beste zenbait kolorerekin nahastuta, jakina. Eta kokapena? besoak, hankak, bizkarra, bularra, sabelaldea... Edozein leku da ona.

Body piercing-a, non?
Zulatzearen artean, aldiz, gutxi dira gorputz atal bitxietan piercing-a eramaten dutenak. Hortaz, aurpegian eramatea da ohikoena, eta punta-puntakoena, ezpainetako beheko eta goiko aldeetan ipintzea. Zilborrean ere ohikoak dira piercing-ak. Apaingarri erabilienak koloretako perlatxoak dira gaur egun. Ez ahaztu.