'Fake, begiari tranpa' antzezlana izango da larunbatean Donostian

'Fake, begiari tranpa' antzezlana izango da larunbatean Donostian Familian ematen diren botere harremanen inguruan hausnartzen du obrak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/fake-begiari-tranpa-antzezlana-izango-da-larunbatean-donostian/@@download/image/fake.png
2022/02/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Familian ematen diren botere harremanen inguruan hausnartzen du obrak.
'Fake, begiari tranpa' antzezlana izango da larunbatean Donostian

Erre Produkzioak konpainiak Fake, begiari tranpa antzezlana taularatuko du larunbatean, hilak 19, Donostiako Imanol Larzabal aretoan. Hainbat gairen inguruan dihardu lanak: maite ditugun pertsonei errealitatea ezkutatzeko egiten dugun ahalegina, gurasoen aurrean erakusten dugun nortasuna noraino aldentzen den benetako izaerarengandik, eta gure pertsonalitatearen arabera, edo ingurukoen izaerak markatuta, zelako botere-rolak hartzen ditugun. 

Ospakizun baten bueltan kokatzen da istorioa. Gabon Zahar gaua da eta honako hauek elkartu dira: Lucia eta Celia ahizpak; Xabier, Celiaren senarra; Pablo, Lucíaren semea; eta Uxue, bere lehengusina. Gelditzen zaien bizitza osoaren lehen eguna dela ospatzen ari dira, baina ospakizun hau tranpa bat baino ez da. Izan ere,  plantak egiten ari dira amama benetako kanpaien aurretik ohera eramateko.  Amama lo dagoela, guztiak benetan diren bezala joka dezakete. Eta momentu horretan bertan hasiko dira arazoak. Afaria eta kanpaien arteko tartean, familia honen arteko harreman guztiek eztanda egingo dute.

Nahiz eta egitura nahiko tradizionala eduki, istorioa kontatzeko denboran jauzi ugari ematen ditu antzezlanak, kronologia apurtzen du, itzulerarik gabeko puntu horretara nola iritsi diren ulertu ahal izateko. Aldi berean, familien inguruko istorioa da, eta hoien barnean ematen diren botere harremanei buruzkoa. 

David Caiña da obraren egilea eta berak eta Gorka Minguezek zuzendu dute. Itzulpena Maria Urcelayk egin du. Aktore lanetan, berriz, Maria Urcelay, Aitor Fernandino, Leire Ucha, Lorea Intxausti, Albar Cirarda aritzen dira euskarazko bertsioan. 

Emanaldia 19:30ean izango da eta sarrerak hemen eskura daitezke.