Facebook-i ez zaio gustatzen bere plataformetan osasun femeninoaz hitz egitea

Facebook-i ez zaio gustatzen bere plataformetan osasun femeninoaz hitz egitea Behin eta berriz betoa jartzen die emakumeei bereziki zuzenduak dauden iragarki kanpainei: hilekoa, edoskitze tailerrak, erditu ondoreko kuleroak edota hezkuntza sexuala bezalako gaiek zailtasuna dituzte plataformaren onarpena eskuratzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/facebook-i-ez-zaio-gustatzen-bere-plataformena-osasun-femeninoaz-hitz-egitea/@@download/image/misoginia-facebook-940x702.jpg
2022/01/18

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Behin eta berriz betoa jartzen die emakumeei bereziki zuzenduak dauden iragarki kanpainei: hilekoa, edoskitze tailerrak, erditu ondoreko kuleroak edota hezkuntza sexuala bezalako gaiek zailtasuna dituzte plataformaren onarpena eskuratzeko.
Facebook-i ez zaio gustatzen bere plataformetan osasun femeninoaz hitz egitea

Zoru-pelbikoa indartzeko gailu bat promozionatzeko emakume bat korrika azaltzen da "Korrika egin. Dantzatu. Jolastu, Maitatu. Zure osasun intimoko arazoak ez daitezela oztopo izan" testuarekin batera. Penetrazioak irauten duten bitartean mina ekiditeko gailua mezu honekin: "3,5 urte behar dira itsasoz munduari bira ematen. 7-10 urte endometrosis diagnostiko bat eskuratzeko". 

Adibideak benetako kanpainan dira eta guztiei betoa jarri zien Facebook edo Instagramek (biak Meta moduan bataiatu berri den erakundearenak) promozionatu nahi izan zutenean. Titi-buruak, emakumearenak badira, zentsuratzeko joera duen erakunde ezagunari, badirudi ez zaiola menopausia gustatzen, ez eta erditu ondorengo odol-galerak, bagina hitza edo edoskitze garaiko bularren mina. 

Iragarki debekatuak hauek ez dira salbuespenak. Harvard Innovation Labs proiektuak sortutako Center for Intimacy Justice-k (CIJ) argitaratutako ikerketa batek erakusten du ohiko praktika dela. "60 negozio ikertu genituen, guztiak emakumearen osasuna edo genero askotarikoak erakusten dituztenak eta Facebook-en publizitatea jartzen saiatu direnak", azaltzen du proiektuak. 60 negozioek Facebook edo Instagramen betoa pairatu zuten. Ikerketako parte-hartzaileen erdiek gainera, erdietsi zuten euren kontuak ezabatuak izan zirela momenturen batean arauak hausteagatik. Zergatik? Menopausia, min pelbikoa, haurdunaldia, erditze ostea, hilekoa, ugalkortasuna, ongizatea sexuala edota hezkuntza sexuala bezalako gaiak jorratzeagatik. Gehienak erakunde txikiak edo ertainak ziren eta ia gehienak emakumeak buru zituena. 

Meta erakundearen bozeramaileak The New York Times egunkariari ondorengo arrazoiak eman zizkion: "Ongizate sexual hobetzen duten produktuen iragarkiei ongi etorria ematen diegu, baina gorputz biluziak debekatzen ditugu eta arau zehatzak ditugu mota honetako produktuak gure plataforman merkaturatzeko moduari buruz". 



Anna Wiener idazlearen hitzetan "maskulinitate heterosexual txepel eta erreprimitua" da nagusi Silicon Valley-en. Mentalitate horrek langileak eta algoritmoak zipriztintzen ditu. Hori dela eta, emakumeak eta LGBTQI+ komunitateko pertsonak ez dira guztiz onartuak sentitzen plataforma hauetan. Wienerrek bere Uncanny Valley liburuan dio sexismoa eta misoginiak ez dituela lanpostuak definitzen, baina leku guztietan arnastu daitekeela. Ez da plataforma onen lehengo polemika, jada 2018an LGBTQ+ kanpainei betoa jarri zielako eskandalua sortu zen. Arau puritanoak eta horri laguntzen dioten algoritmoak dira nagusi Meta erakundean. 

Ikerketak ordea, argi erakusten du emakumeak eta baginadun pertsonak tresnak eta informazioa behar ditugula gure osasuna babesteko. Lau emakumetatik hiruk koitoan zehar mina esperimentatzen du momenturen batean. Gainera baginadun emakume asko ez daude prestatuak, menopausia garaian, bere gorputzean emango diren aldaketak onartzeko eta ez dakite laguntza non eskatu. Generoaren araberako osasun eta ongizate sexualeko iragarkien blokeoak berdintasuna lortzea eragozten du emakumeen osasun sexuala narriatuz.