Ezinean: "Harrituta eta gustura gaude".

Ezinean: "Harrituta eta gustura gaude". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ezinean-quotharrituta-eta-gustura-gaudequot/@@download/image/65p9-1.jpg
2006/07/07
elkarrizketa
Ezinean taldea da udako ezusteetako bat. Azpeitiar hauek urteak zeramatzaten entsegu lokalean dibertitzen, eta esperantza handirik gabe, Karlos Osinaga "Txap" ekoizlearen gidaritzapean grabatutako maketa bidali zuten diskoetxeetara… azkenean, baina, lotería tokatu zaie: Gor diskoetxeak atera die lehen diskoa.

Lehen maketa kaleratu gabe zenutela, Gor diskoetxeak diskoa argitaratzea eskaini zizuen. Ez da normala hori gertatzea...
Guretzat shock moduko bat izan zen. Harrituta, eta, aldi berean, gustura hartu genuen berri hori. Gaur egun oso zaila da diskoetxe baten babesarekin disko bat ateratzea. Guk, behintzat, oso urrun ikusten genuen aukera hori.

Gainera, zuek hardcore melodikoa egiten duzue, eta hori ez da oso estilo zabaldua euskal musikan…

Hardcore melodikoari dagokionez, zulo moduko bat dago euskal musikaren panoraman. Dena den, argi dago ez dela batere normala maketarik ere kaleratu ez duen talde batek zuzenean diskoa ateratzea. Musika ondo pasatzeko tresna besterik ez da guretzat, eta aurrerantzean ere, sinpletasunez eta naturaltasunez planteatu nahi ditugu gure helburuak: musikaren merkatua nola dabilen, talde ona edo txarra garen, komertziala edo ez… eztabaida horiei ez diegu garrantzirik ematen.

Zein talde entzuten dituzue?

Nofx, Lagwagon, Millencolin, Propagandi, No Use For a Name, Rise Against, Penywise, Satanic Surfers eta antzekoak; Fat Wreck Chords diskoetxearen inguruko mugimendu hori, alegia. Egia esan, euskal musikatik nahiko "out" ibili izan gara, hemen ere estilo honetako talde batzuk badauden arren: Leihotikan, Skunk, Kleenex… egia esan, Euskal Herrian gutxi egin da Kaliforniako ukitua duen musika hori.

Azpeitian, zer moduzko mugimendua dago musika lokaletan?

Mugimendu polita dago. Bai Urrestilla auzoan, baita Azpeitian bertan ere, udaletxeak utzitako lokal mordoxka dago. Musikari dagokionez, era guztietako taldeak daude; nahiz eta herritik kanpora ezezagun samarrak diren. Baina hori normala da, leku guztietan gertatzen den zerbait da. Azpeitiko taldeak lan handia egiten ari dira azken urteotan. Adibidez, Legen Beltza metal taldeak hirugarren diskoa kaleratuko du laster, AEBetako diskoetxe batekin ibili ondoren. Bestalde, hor dabil ere "12 Tribu" taldea: urteen poderioz reaggearen erreferentea bihurtu dira Euskal Herrian, eta hauek ere, hirugarren diskoa atera dute. Bestalde, talde "maketero" asko dago; "Triku" musika elkartea ere hor dihardu, eta "Azpeitia suntsituz" izekeko bilduma ere kaleratzen dute -punk eta oi! doinuak nagusitzen diren bilduma bat da-. Horrez gain, urtero "TrikuFesta" musika jaialdia egiten da... inguru honetan, sasoi onean dago musika mundua.