Ez erori beldur likidoan

Ez erori beldur likidoan Azkenaldian albistegi eta irratiak itzaltzeko tentazioa izan duzu? Eguneko albisteek deprimitu eta beldurtzen zaituzte? Lasai, ez zara bakarra, eta badu soluzioa. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-erori-beldur-likidoan/@@download/image/Filme-2012.jpg
2017/10/27
berria
Azkenaldian albistegi eta irratiak itzaltzeko tentazioa izan duzu? Eguneko albisteek deprimitu eta beldurtzen zaituzte? Lasai, ez zara bakarra, eta badu soluzioa.
Ez erori beldur likidoan

Ohetik jaiki, gosaria prestatu eta kafeari lehen zorrotada ematearekin batera irratia piztu duzu "Egunon, goizeko 07:00ak dira, jarraian, eguneko albisteak..." ez dira ezta bost minutu igaro, eta itzali egin behar izan duzu. Eguna ez da hasi ere egin, eta dagoeneko goibel zaude. Zenbat aldiz gertatu zaizu?

 

 

Egunero-egunero, albistegiek informazio katastrofistaz betetzen gaituzte. Tentsio politikoak, ustelkeria, langabezia, klima aldaketa, ezbeharrak, istripuak, miseriak... Etengabe halako negatibotasun eta kezka giroan murgiltzeak segurtasun falta eragin dezake gugan; depresioa, gogo eza, antsietatea... horri, beldur likidoa deritzo.

 

 

Baina, zer da beldur likidoa? Zygmunt Bauman soziologoaren arabera, gizartean geroz eta gehiago garatu den beldur mota da: "Beldurra ikaragarriagoa da horren arrazoia zehaztu gabea eta barreiatua denean, definitu gabe dagoenean. Beldur sentsazio horrek erabat bereganatzen gaitu, baina pentsatzen jartzen bagara, ez dugu izu horren zergatia ezagutzen".

 

 

Fenomeno hori geroz eta gehiago zabaltzen dute albistegiek; norberak bereak egiten ditu beste leku batean gertatutako ezbeharrak, bereak ez diren kezkak bereganatuz. Hori da, azken finean, beldur likidoa; zergati zehatz bat eduki gabe, pixkanaka gizartean birus baten moduan zabaltzen den beldur edo kezka irrazionala.

 

 

Albistegietan agertzen diren albiste negatibo eta kezkagarriak errealak dira, hori badakigu; munduan zer gertatzen den jakitea beharrezkoa da, eta gizarteak informatuta egon behar du. Baina munduan gauza onak ere gertatzen dira, eta horietaz kontziente izatea ere oso garrantzitsua da. Onena, honako gomendioak jarraitzea da: modu kontzientean informatu, orduak aukeratuz; albisteekiko distantzia bat hartu; zaindu zure gorputza, eta garrantzitsuena, ezagutu zure burua. Modu honetan, beldur likidoak ez zaitu indarrez hartuko.

 

*Iturria: Verne