Ez auto, ez moto, quad

Ez auto, ez moto, quad https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ez-auto-ez-moto-quad/@@download/image/45p25-1_1367581068.jpg
2004/10/01
erreportajea
Unai Brea
Quad-ak, lau gurpildun moto bereziak, izugarrizko arrakasta lortzen ari dira azken boladan. Jon Ander Latorre gidari urduliztarrarengana jo dugu motor hauen berri izateko.

Jon Anderrek dioenez, "Quadak ez dira autoak, ezta motoak ere, oso bestelakoak dira. Ez daukate zerikusirik beste ezerekin". Latorrek 27 urte ditu, eta duela hiru urte hasi zen quad-etan ibiltzen, eta erdi-profesionala da gaur egun.  

Quad-ek debeku bat dute jatorri: "Garai batean oso ohikoak ziren hiru gurpildun motoak", azaldu digu Latorrek, "baina debekatu egin zituzten, oso arrikutsuak zirelako. Jakina, japoniarrek mordoa zeukaten fabriketan prest, eta ezin zuten dirutza hura galdu. Laugarren gurpila erantsita konpondu zuten arazoa".
Hasierako quad-ak AEBetara bidaltzen zituzten batez ere, baina 80ko hamarkadan, Europara ekartzen hasi ziren.

Euskal Herrian, duela urtebete eskas hasi dira arrakasta izaten, eta jende askok zaletasun hutsez erabiltzen ditu. Edonon ibil daiteke ibilgailu horiekin: mendian, errepidean… Hori bai, Quad-a gidatzeko, autoa gidatzeko baimena eduki behar da.

Motokros zirkuituetan

Quad-entzat propio atondutako zirkuitu gutxi dago, eta ondorioz, motokros zirkuituetara joan behar izaten dira zaleak. Ez da gauza bera, baina balio du. Bestela, edozein menditara joateko aukera badago, "gainerakoekin begirunez jokatuta, beti ere", Latorrek azpimarratu duenez. Edozelan, zirkuituan ondo aritzeko egokitutako quad-ak ez du mendirako balio izaten.

Latorrek bere kabuz ikasi zuen quad-ean: "Kolpe asko hartuta, hori bai". Nahi izanez gero, beraz, horra beste aukera bat.