"Expodistrito" programak argazkiz eta irudiz beteko ditu Bilboko Udaltegiak

"Expodistrito" programak argazkiz eta irudiz beteko ditu Bilboko Udaltegiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/expodistrito-programak-argazkiz-eta-irudiz-beteko-ditu-bilboko-udaltegiak/@@download/image/201115759Expodistrito_III.jpg
2012/12/13
berria
Martxoaren 31ra bitarte, Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsa-Ibaiondoko Udaltegiek sei erakusketa bisual hartuko dituzte txandaka.

Expodistrito aldi baterako erakusketa zikloari esker, argazkigintza eta irudigintza izango da protagonista Bilbon urteko lehenengo hiruhilekoan. Guztira sei erakusketak egingo dute zazpi Udaltegietan barrenako zirkuitua.

Tartean da Josu Aranbarrik Piztiak taldeko abestietatik abiatuta egindako diziplina anitzeko lana. Piztiak-ek 2009an Gabeko Kalapitxiak diskoa argitaratu zuen proiektu orokorrago baten lehen parte gisa. Hain zuzen ere, hauxe da bigarren partea: Josu Aranbarrik kantu horietan oinarrituta egindako marrazkiak, margolanak, argazkiak eta bideo-instalazioak; guztia Josu Eizagirreren, Txomin eta Kirmen Uriberen eta Josu Aranbarri beraren hitzekin batera aurkeztuta.

Bigarren erakusketa Carlos Tomas artistarena da: Caminos margolan bilduma.

Eta, gainontzeko lau erakusketak fotografikoak dira.
Umida Akhmedova argazkilari eta dokumentalgilearen Women and men. From Sunrise to Sunset da horietako bat. Akhmedova disidente uzbekistandarra kondenatuta dago bere herrian, bertako biztanleen bizimodua erretratatzen duten irudiekin nazioa iraintzen duelakoan.
Maria Elisa Zorriquetaren lanek osatzen dute bigarren erakusketa: Miradas, sensaciones. Argazkilariak gehien atsegin dituen gaiak jorratu ditu, hiriaren, arkitekturaren, loreen edo, besterik gabe, kolorearen formaren eta egituren arteko erlazioaren bitartez.
Bilbo hiriak azken 50 urte hauetan bizi izan duen transformazioren aireko ikuspegia erakusten duen argazki-bilduma bat ere dakar Expodistrito zikloak: Bilbao, transformazioa 50 urtetan.
Laugarren erakusketa batek Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak iaz antolatutako Distrito Foto' 2010 argazki lehiaketako sarituen lanak bilduko ditu.

Sei erakusketek Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko eta Burtsa-Ibaiondoko Udaltegiak bisitatuko dituzte, txandaka, datozen hilabeteetan, martxoaren 31ra arte.

Informazio zabalagoa eta erakusketak Udaltegi bakoitzean zein egunetan izango diren www.bilbao.net atarian kontsulta dezakezu.