'Euskariana' liburutegi digitala jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak

'Euskariana' liburutegi digitala jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak 750.000 dokumentu digitalki kontsulta daitezke atarian eta aurrerantzean ere elikatzen jarraitzeko asmoa dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskariana-liburutegi-digitala-jarri-du-martxan-eusko-jaurlaritzak/@@download/image/jarraia206381.jpg
2021/12/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkia: Aritz Loiola/ Foku

750.000 dokumentu digitalki kontsulta daitezke atarian eta aurrerantzean ere elikatzen jarraitzeko asmoa dute.
'Euskariana' liburutegi digitala jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak Euskariana izeneko liburutegi digitala sortu du, "Interneten euskal kulturaren ondarearen inguruan edozein gauza bilatzeko tresna" bat izateko asmoz. Euskal autoreek sortu dutena, EAEn argitaratu dena, eta munduko edozein tokitan euskal gaiei buruz sortu den guztia jasotzea du helburu atariak. Era berean, arreta berezia eskaini nahi izan diote euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako edukiei. 750.000 eduki baino gehiago biltzen ditu atariak: liburu, eskuizkribu, egunkari eta aldizkarien kopia digitalak; argazkiak, material grafikoak, museo-piezak, partiturak, musikako lanak, ikus-entzunezko materialak... 

Euskarianak "ate digitala" izan nahi duela nabarmendu dute, "euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki sarean bilatzea ahalbidetu eta erraztuko duena". Horretarako, euskal kulturarekin lotutako "ahalik eta baliabide digital gehien" bildu nahi dituzte, eta bereziki, bibliografikoak, "erregistroak sistematizatuz eta homogeneizatuz, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz". Esteken zein bere biltegiaren bidez, materialen edukiaren zati handi bat eskuratzeko eta deskargatzeko aukera eskaintzen du. Gainera, "kalitatezko zerbitzu publikoa" eman nahi dute, "publiko orokorraren edota publiko espezializatuagoaren beharrei erantzungo diena, hau da, informazioa eta irakurketa atsegina bilatzen dutenetan zein ezagutza berriak sortzea helburu duten ikertzaileetan pentsatua".

Euskal kultur erakunde, artxibo, liburutegi eta museo ugarik parte hartzen dute elkarlaneko proiektu honetan, hala nola Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa, Eusko Jaurlaritza, EAE-ko Foru Aldundiak, udalak, unibertsitateak, Eusko Ikaskuntza, Eresbil, Sancho el Sabio, Labayru eta Benediktinoen fundazioak. 

Europako ondare kulturala biltzen duen Europeana izeneko tresna izan dute erreferentziatzat, eta horregatik hautatu dute Euskariana izena tresnarentzat. Era berean, badu euskal kulturgintzarekin lotura ere. 1836an, euskarienne terminoa erabiltzen lehenak izan ziren Anton Abadia eta Agosti Xaho.  Arturo Campion politikari, idazle eta hizkuntzalari euskaldunak Euskariana terminoa aukeratu zuen, lehenago euskal gaiei buruz egunkari eta aldizkarietan argitaratutako bere hainbat idatzi bateratu eta elkarrekin kaleratzeko. Euskariana-ren lehen saila 1896an inprimatu zen eta azkena 1936an.