Euskarazko kultur ekintzez beteko dute Ipar Euskal Herria bi astez

Euskarazko kultur ekintzez beteko dute Ipar Euskal Herria bi astez Ehun jarduera inguru egingo dituzte abenduaren 3ra bitartean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-kultur-ekintzez-beteko-dute-ipar-euskal-herria-bi-astez/@@download/image/euskararen urtaroa haundigo.png
2021/11/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ehun jarduera inguru egingo dituzte abenduaren 3ra bitartean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan.
Euskarazko kultur ekintzez beteko dute Ipar Euskal Herria bi astez

Euskal Elkargoak, Herriko Etxeekin, elkarteekin eta beste hainbat eragilerekin batera, Euskararen Urtaroa ekimena antolatzen du bi urtez behin, udazkenean. Bide horri jarraituz, ehun jarduera inguruko egitaraua antolatu dute azaroaren 19tik abenduaren 3ra bitartean Ipar Euskal Herrian. "Bi aste, iparralde osoan eta egoera guztietan euskaraz bizitzea posible dela frogatzeko", adierazi dute antolatzaileek. 

Hala azaldu dute euskararen egoera Ipar Euskal Herrian: "Mila aurpegi ditu euskarak lurralde honetan: 51.000 herritar euskaldunena, hizkuntza deskubritu nahi duen euskaldun berriarena, zabal eta tinko ari den elkarte sarearena, naturalki edo lan handiz, euskararen lekua garatzen ari diren erakundeena. Egunerokoan denen artean iruten dugu euskararen mundua, bizia eta anitza". Hain zuzen ere, aberastasun hori agerian jartzea da ekimenaren asmoa. 

Era eta izaera guztietako ekintzak izango dira egitarauan: irrati tailerra, zaldi ibilaldiak, Aniztasunaz harro hitzaldi zikloa, Konpostaren errezeta tailerra, dantza ikastaroa, euskarazko filmen emanaldiak, antzerki ikastaroa, ipuin kontaketak, bikoizketa tailerra, yoga tailerra, herri kirolak, liburu aurkezpenak, kontzertuak... Egitarau osoa hemen dago ikusgai. 

Hitzorduetara gerturatzeko gonbita egin dute, "euskara dastatzeko, entzuteko, irakurtzeko edo mintzatzeko".