Euskarazko haur eta gazte literaturaren 'Ikusi-Mikusi' azokaren bigarren edizioa egingo dute Saran

Galtzagorri elkarteak, Kiribil konpainiarekin eta Pamiela argitaletxearekin batera, Ikusi-Mikusi Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Azoka antolatu du bihar eta etzirako, Saran. Aurtengo edizioaren gaia Gure xaharrak izango da eta tailer eta ikuskizunetan azaleratuko da hori.
Biharkoa izango da azokaren lehen eguna, eta, ohiko moduan, Eskolen Eguna izango da. Ikasleak beren ikaskideekin eta irakasleekin batera bertaratuko dira, eta jolasak, sormen-tailerrak, beren lanen aurkezpenak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Gainera, bonu-sistema tarteko, ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izango du.
Bestetik, bihar, euskarazko haur eta gazte literaturako zenbait profesional ere bilduko dira mahai-inguruan, Haur eta gazte literaturan euskaraz sortu, ala itzuli? gaiaren aitzakian.
Larunbata, berriz, Familien Eguna izango da. Ostiralean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran. Nerabeentzat berariaz sortutako programazioa ere izango da.
Ekintza horiez guztiez gain, erakusketak ere izango dira azokak irauten duen bi egunetan: batetik, eskoletan egindako lanena, eta, bestetik, Galtzagorrik, OEPLI eta IBBYrekin batera, sortu duen Silent Books hitzik gabeko liburuena.
Azoka 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik bi egunetan. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.