Euskarazko blog onenaren bila

Euskarazko blog onenaren bila https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarazko-blog-onenaren-bila/@@download/image/blogetan_1387462266.jpg
2013/12/23
berria
Azkue Fundazioak eta Argia astekariak Blogetan! lehiaketa berria jarri dute martxan euskarazko blog onenak saritzeko asmoz. Euskarazko edozein blogek parte hartu ahal izango du, eta nork bere hautagaitza aurkezteko epea urtarrilaren 26ra bitarte izango da zabalik.


Blog euskaldunen jarduera saritzea du helburu Azkue Fundazioak, Argia astekariaren laguntzarekin batera, abian jarri duen lehiaketak. Blogetan.com ataria prest dute dagoeneko, ekimenaren berri emateaz gain, berau bideratu eta erabiltzaileen botoak jaso ahal izateko. Hantxe aurkituko duzue informazio guztia.

Euskarazko blog bat duen edonork parte hartu dezake, gai orori buruzko atariak onartuko baitituzte lehiaketan. Hori bai, honako lau kategorietako batean sartu beharko da proposamena: kultua arloko blogak (zinema, literatura, artea, diseinua, moda, sukaldaritza…), gizarte eta politika arlokoak (kazetaritza, historia, humanitateak, ekonomia…), aisialdiarekin lotura dutenak (zaletasunak, kirola, bidaiak) eta zientzia eta teknologiarekin lotutakoak (natura, osasuna, arkitektura, informatika…).

Kategoria horiez gain, epaimahaiak Blogari Berria saria emango dio 2013an sortutako blog onenari; azken honek, irabazle guztiek jasoko duten 200 euroko diru-txekeaz gain, Argia aldizkariko blog sarean kolaboratzeko aukera izango du.

Parte hartu!
Zuk ere zeure blog propioa edo gustukoren bat saria eskuratzeko hautagai moduan aurkeztu nahi baduzu, hemen sartu eta urratsak jarraitu besterik ez duzu. Parte hartzeko epea urtarrilaren 26ra bitarte izango da zabalik.

Halaber, kontuan hartu ataria erregistratutako erabiltzaileek zeresan handia izango dutela irabazleak aukeratzerako orduan, haien botoek finalistak hautatzen lagunduko baitute. Beraz, garrantzitsua izango da urtarrilaren 27tik aurrera atarian sartu eta gustuko blogen alde bozkatzea. Erabiltzaile bakoitzak egunean boto bat emateko aukera izango du.