Euskaraz, gazte, akzioa!

Euskaraz, gazte, akzioa! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaraz-gazte-akzioa/@@download/image/zinemaldia_azal_1378456619.jpg
2013/09/09
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Euskaraz, gazte, akzioa!
Donostiako Zinemaldia iristear dela eta hainbeste filmen artean ez dakizula zein aukeratu? Hona GAZTEZULOk proposatzen dizkizun sailak eta filmak.


Donostiako Zinemaldiak azken urteetan hasitako eraberritze prozesua sendotu eta egonkortzeko bidean darrai. Lan horretan, bi sail azpimarratu daitezke, beste batzuen artean. Alde batetik, euskal zinemari eskainitako Zinemira saila, eta bestetik, iaz Zabaltegi sailetik banandu eta ibilbide propioari ekin zion Zuzendari Berriak saila (aurten, Perlak sailari tokatu zaio bakarkako ibilbidea hastea). Noski, azkenaldiko legean, sail berri berezi bat ere izango da: Savage Cinema.
 
Zinemira sailean zortzi film proiektatuko dituzte, tartean, Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu ziren Alardearen seme-alabak eta El método Arrieta. Estreinu ofizialak izango dira, ordea, GAZTEZULOk orriotan proposatzen dizkizuen Amaren eskuakIzenik gabe, 200X133 eta Asier ETA Biok.

Euskal zinemagintzaz gain, zinemagile gazteekiko begirune berezia ere erakutsi izan du Zinemaldiak. Horren erakusgarri dira, aurten hamabigarren aldiz burutuko den Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa, eta batez ere, Zuzendari Berriak saila. Azken honetan lehiatuko diren 16 filmeetatik, bereziki lau proposatzen dizkizuegu.

Adrenalinaren saila
Azkenik, ikus-entzunezkoen munduan puri-purian dauden mugimenduei so, eta ikusleei gauza erakargarriak eskaintzeko asmoz, lehiaketaz kanpoko sail berri bat estreinatuko da: Savage Cinema saila. Txoko horretan, abentura- eta akzio-kirolei buruzko film berri eta zirraragarrienak ikusteko aukera izango da. Eskalada, eskia edota surfa bezalako kirolak protagonista dituzten ekoizpen horiek irudi txundigarriak, istorio hunkigarriak eta errealizazio bikainak uztartzen dituzte. Sail honetan, ez galdu McConkey eta Spirit of Akasha filmak.

ZINEMIRA: 'Amaren eskuak'



Zuz: Mireia Gabilondo.

Nerea gogaitu samar bizi da familia eta lana ezin uztartuta, eta memoria galera baten ondorioz ama Luisa hospitalera eramaten dutenean, guztiz desorekatuko zaio bizitza. Gaixotasunaren lehen zantzuak agertu zirenean amaren alboan egon ez izanak errudun sentiaraziko du. Gainera, Luisaren buruak urte batzuk egingo ditu atzera, eta Nereak amak ezkutuan zuen gaztaroko sekretu bat deskubrituko du.

Kutsidazu bidea, Ixabel (2006) komediarekin debutatu zuen Mireia Gabilondok zine zuzendaritzan Fernando Bernuesen alboan. Iaz, Barrura begiratzeko leihoak dokumentala estreinatu zuen beste lau zuzendarirekin batera. Bakarkako lehen abentura honetarako, Karmele Jaioren eleberrian oinarritutako filma dakar, hainbat euskalkiren doinuz zipriztindutako drama hunkigarria.

ZINEMIRA: 'Izenik gabe, 200X133'



Zuz: Enara Goikoetxea, Monika Zumeta.

Jose Luis Zumeta margolariak Arriben (Nafarroa) du lan egiteko txokoa, autobus-garaje zahar batean. Bertan, Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean jartzeko 200X133 neurriko bi margolan egiten ari da. Dokumental honetan margolari usurbildarrak barruan duena nola kanporatzen duen erakusten da, artistaren sormen prozesua, mihisearen eraikuntzatik hasi eta margolanak erakutsi arteko ibilbidea.

ZINEMIRA: 'Asier ETA Biok'



Zuz: Aitor Merino, Amaia Merino.

Aitor Merino aktore donostiarrak Madrilen jakin zuen gaztetako lagun Asier ETAko kide zela. Hango lagunei Asierrek erabaki hura nola hartu zezakeen ezin azalduta ikusi zuen bere burua, eta Asier kartzelatik ateratakoan kamera hartu eta dokumental hau errodatzea erabaki zuen. Euskal gatazka adiskidetasunaren ikuspuntutik aztertzen duen film honek Internet bidez lortu du, crowdfunding-a erabiliz, beharrezko finantziazioa.

ZUZENDARI BERRIAK: 'Wolf'



Zuz: Jim Taihuttu (Holanda).

Espetxetik irten ostean, hazten ikusi zuen auzo txirora bueltatuko da Majid, talentu handiko boxeolaria. Han, gimnasio bateko jabearen babespean, bizitza berri bati ekingo dio. Baina boxeo munduan berriz ere ezagun egiten hasten denean, kriminal-banda bateko buruzagiak bere ingurura erakarri nahi izango du. Orduan, Majidek zein norabide hartu nahi duen erabaki beharko du. Holandako aldirietan bizi dituzten arazoak irudi zuri-beltz ederretan islatzen dituen filma.

ZUZENDARI BERRIAK: 'Hross I Oss / Of Horses and Men'



Zuz: Benedikt Erlingsson (Islandia-Alemania).

Gizakiaren eta zaldiaren arteko harremana hizpide duen filma. Ukitu kostunbristadun lana dirudien arren, pertsonaia eta egoera ezin xelebreagoak aurkezten ditu Benedikt Erlingssonen lehen lan luzeak. Bizitza eta heriotza, maitasuna eta sexua, dikotomiaz betetako istorio xumea da, Islandiako paisaia ezin ederragoetan kokatzen dena.

ZUZENDARI BERRIAK: 'Por las plumas'



Zuz: Neto Villalobos (Costa Rica).

Chalok segurtasun zaindari bezala lan egiten du, eta asper-asper eginda bizi da. Bizitzari pizgarriren bat jartzeko asmoz, borrokarako oilar bat erostea bururatuko zaio. Momentu horretatik aurrera, lasaia bezain jasangaitza zitzaion bizitza
gora-beheraz betetako abentura bihurtuko da. Lantalde ezin murritzagoarekin, kamera aurrean inoiz jarri ez diren aktoreekin eta finantzatzeko crowdfundinga baliatuz egindako komedia beltza.

ZUZENDARI BERRIAK: 'Mother of George'



Zuz: Andrew Dosunmu (AEB).

Adenike eta Ayodele nigeriarrak New Yorken bizi dira, Brooklynen. Ezkondu ostean, seme-alabak izateko arazoak dituztela konturatuko dira. Orduan, osatu duten familiaren oinarriak kolokan jar ditzaketen erabakiak hartzera behartuta ikusiko dute beren burua. Sundanceko jaialdian argazkirik onenaren saria jaso zuen begientzako ezin kitzikarriagoa den istorio koloretsu honek.

SAVAGE CINEMA: 'McConkey'



Zuz: Rob Bruce, Scott Gaffney, Murray Wais, Steve Winter, David Zieff (AEB).

Shane McConkey muturreko eskia eta base jauzia uztartu zituen aitzindariari buruzko dokumentala. Eskiatzeko materialek azken urteetan izan dituzten hobekuntza askoren atzean izan zen McConkey eta talentu paregabeko kirolaria izan zen. Baina horren gainetik, umorea erdigunean zuen izaera ezin bereziagodun pertsona izanik, eski-zaleen begirunea eskuratu zuen. Muturreko kirolak praktikatzen dituzten askori bezala, bizitzarekiko begirune falta egotzi zioten sarritan. Kirolaren mugak bilatzeko grinak eraman zuen beste mundura 2009an, Italian, Dolomitetan, arroila batetik jauzi egin eta eskiak askatzeko sistemak huts egin ostean. Irudi  ikusgarriak McConkeyren hurbileko jendearen testigantza hunkigarriekin uztartzen dituen filma.

SAVAGE CINEMA: 'Spirit of Akasha'



Zuz: Andrew Kidman (Australia).

1972an, Albert Falzonek surfa ulertzeko moldeak irauli zituen Morning of the Earth filmarekin. Kirol hutsa izatetik haratago, surfa bizimodu bezala erakutsi zuen lehenengoz film hark, eta ondorengo belaunaldiek surfaz izan duten irudian aztarna nabarmena utzi zuen. 40 urte geroago, Spirit of Akasha honetan, Falzoneren filmak zabaldutako mezuak bizirik jarraitzen duela erakutsi nahi du Andrew Kidmanek. Horretarako, jatorrizko filma iturri duen musika eta egungo surflari ezagunen laguntza izan du, Tom Curren, Stephanie Gilmore edota Kelly Slater tartean.