Euskararen Ginkana finalera heldu da!

Euskararen Ginkana finalera heldu da! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskararen-ginkana-finalera-heldu-da/@@download/image/euskararen_gink_1390551479.jpg
2014/01/24
berria
Euskararen Ginkana finalera heldu da!
Larunbat honetan, urtarrilak 25, egingo dute euskara oinarri duen proba-lehiaketa ezagunenaren final handia Donostiako San Telmo Museoan,12:00etatik aurrera. Taldeek hizkuntza aniztasunaren inguruko probak gainditu beharko dituzte 3.000 euroko saria eskuratzeko. Zatoz ikustera!


Kutxa Ekoguneak 2011n abiatu zuen Euskararen Ginkana, euskaraz eta euskararekin dibertitzeko lehiaketa. Urtez urte, 16 urtetik gorako parte hartzaileek hainbat froga gainditu behar izan dituzte final handira heldu eta sari nagusia eskuratzeko, eta ekimenak arrakasta handia lortu du.

3. edizioak aldaketa nagusi bat izan du aurtengoan, bakarka beharrean, lehiakideek gutxienez lau laguneko eta gehienez seiko multzoetan hartu baitute parte. Izena eman ostean, abenduaren 3tik urtarrilaren 16ra bitarte iraun duen lehen fasean asteroko probak gainditu behar izan dituzte Internet bidez, eta puntu gehien eskuratu dituzten lau taldeak larunbat honetan San Telmo Museoan egingo duten finalerako sailkatzea lortu dute.

Munduko zein Euskal Herriko hizkuntzak izango dituzte hizpide probetan, orain arte bezala, eta eguerdiko 12:00etatik 14:00etara bitarte, horien inguruko ezagutza eta gaitasunak frogatu beharko dituzte 3.000 euroko diru-sari preziatua eskuratu nahi badute. Garaile suertatzen ez direnek, dena den, produktu ekologikoz beteriko otarre bana jasoko dute, lehiaketa osoan zehar erakutsitako maila bikainaren errekonozimendu gisa.

Beraz, lehiakideak animatzera eta hizkuntza aniztasunaren inguruko datu interesgarriak jasotzera joan nahi izanez gero, ez galdu larunbateko zita garrantzitsua!