Euskarabildua jardunaldiak izango dira gaur Donostiako Koldo Mitxelenan

Euskarabildua jardunaldiak izango dira gaur Donostiako Koldo Mitxelenan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarabildua-jardunaldiak-izango-dira-gaur-donostiako-koldo-mitxelenan/@@download/image/20121018799euskarabildua.jpg
2012/12/13
berria
Iametza Interaktiboaren, Argiaren eta Ametzagaiña taldearen eskutik, bihar izango dira Donostiako Koldo Mitxelenan Euskarabildua jardunaldiak, euskararen eta teknologia berrien inguruko erreferentziazko hitzordu bilakatu nahi duen egitasmoa.



Iametza Interaktiboan, Argian eta Ametzagaiña taldean aspaldi jarri zioten begirada euskararen eta teknologia berrien arteko harremanari, merkatuaren joerak eta bezeroen beharrak aztertzea ezinbestekotzat ikusten baitzuten. Gaur egun, tekonologia berrien eta euskararen inguruan jardutea eta ezagutzak konpartitzeko hitzordu bat edukitzea beharrezkoa zela ikusirik, abian dute Euskarabildua egitasmoa.
Gaur, goizeko 9.00etan izango da ekimenaren aurkezpena, eta 14:00ak bitarte lau ponentzia izango dira. Edizio honetako abiapuntua euskararen gisako hizkuntza baten erabileraren hedapenerako, teknologia berriek jokatzen duten papera aztergai izango da, bertako zein kanpoko esperientziak elkarbanatuta.
Besteen artean, Eurolang-eko zuzendaria, Davith Hicks, Albert Cuesta kazetaria eta teknologia berrietan aditua, Egoitz Goikoetxea, elcorreo.com webguneko SEO teknikaria eta Lander Arbelaitz argia.com-eko erredaktore burua ariko dira Euskarabildua jardunaldietan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, gomendagarria da parte hartzeko interesa duen guztiak webgunean izena ematea, aforoa kontrolatu ahal izateko.

Egitaraua:


09:00: Aurkezpena
09:15: Bideo laburra (esperientzia arrakastatsuak euskaraz: Tropela)
09:30: Ponentzia. Davyth Hicks (Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: erabilera eta ikusgarritasuna handitzen. Etorkizuna eta garapena Europan) *itzulpen automatikoko zerbitzua egongo da

Galderen txanda
10:15: Bideo laburra (esperientzia arrakastatsuak euskaraz: Osasunlingua)
10:30: Ponentzia. Albert Cuesta (Sare sozial globalak: itzulpenaz harago)
 Galderen txanda
11:15: Atsedenaldia
11:45: Ponentzia. Egoitz Goikoetxea (SEOaren garrantzia irakurle eta erosle euskaldunen nahiak internet bidez asetzeko)

Galderen txanda
12:30: Bideo laburra (esperientzia arrakastatsuak euskaraz: Arbel digitala)
12:45: Ponentzia. Lander Arbelaitz (Txikitasunetik sareari begira. ARGIA)

Galderen txanda