Euskarabenturan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute

Euskarabenturan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute 16 eta 17 urteko 130 gazte euskaldunek Getxotik Maulera egingo dute zeharkaldia datorren uztailean. Aurkezpen bideoa eta banakako proiektua bidali beharko dute parte hartu nahi dutenek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskarabenturan-parte-hartzeko-izen-ematea-zabaldu-dute/@@download/image/URRUNA_04-13.jpg
2021/12/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Irudi nagusia: Andrea Martinez

16 eta 17 urteko 130 gazte euskaldunek Getxotik Maulera egingo dute zeharkaldia datorren uztailean. Aurkezpen bideoa eta banakako proiektua bidali beharko dute parte hartu nahi dutenek.
Euskarabenturan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute

2022ko Euskarabentura espedizioan parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea zabalik da martxoaren 4ra arte. 2005 eta 2006 urteetan jaiotako Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok bidal dezake proposamena, eta horretarako aurkezpen bideo bat eta banakako proiektua egin beharko da. 130 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez uztailaren 1etik 31ra, euskara hutsean. Edizio berrian, besteak beste, euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana landuko dute, Elkano Fundazioarekin elkarlanean.

Hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: Gure aisiaren espazioagaur egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikei buruz hausnartzeko; Moda azkarra, arropa eta jantzien kontsumo ereduaren inguruan hausnartzeko; eta Zer ginen, zer gara, zer izango gara, "soilik historiatik ikasiz eraikiko dugulako etorkizuna". Proposatutako gai eta formatuekin gazteen hausnarketa eta sormena martxan jarri nahi ditu elkarteak.

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu, eta apirilaren 24an 130 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Egin duten proiektuaren balorazioa izango dute kontuan hautaketa egiteko, baina baita gazteen jatorria, generoa eta motibazioa ere. 

Parte hartzeko baldintzak eta izen-emate formularioa ekimenaren webgunean zintzilikatu dituzte.

Itsasoa gaitzat
Uztailean Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain, euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute gazteek, askotariko bisita, tailer, hitzaldi edota espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen bidez. Lehen mundubiraren egin zenetik 500 urte beteko direnez datorren urtean, espedizioaren gai nagusietako bat itsasoa izango da; gure bizimoduan duen eragina, Euskal Herriak horrekin daukan harremana, eta horrek historian zehar izan duen bilakaera aztertzera gonbidatuko dituzte gazteak. Era berean, historiari begiratzeko moduei buruz eta errelato historikoen inguruan egingo dute gogoeta.

Espedizioaren helburu nagusia euskara gazteen bizitzaren erdigunera eramatea da eta, horrekin batera, gazte euskaldunen sare indartsu bat ehuntzea. Irati Labaien Euskarabenturako elkartekidearen hitzetan, "parte-hartzaileen %85ak adierazi du espedizioan zehar euskara maila hobetu duela sentitzen duela". Gainera, joan den edizioan, elkarte antolatzaileak “gazte euskaldunen kasuan hizkuntza-mudantza fenomenoaren atzean dauden faktore nagusiak zeintzuk diren ulertzeko” ikerketa bat jarri zuen martxan, Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlanean. Lau urteko ikerketa izango da. 

Osasun krisiak eraginda, Euskarabenturak ez du espedizio formatua izan 2019ko udaz geroztik, baina datorren uztailean 130 gaztek  Euskal Herria oinez zeharkatuko dute, Mauletik Getxora, garai horretan indarrean dauden neurriek ahalbidetzen badute betiere.