EuskarAbenturak baditu aurtengo 121 espedizio-kideak

Iragan martxoaren 10ean (martxoaren 24ean diasporako, Behe Nafarroako eta Zuberoako neska-mutilen kasuan) itxi zuten EuskarAbentura 2019 espedizioan parte hartu nahi zutenek izena emateko epea.
Lan bat eta motibazio gutun bat igortzeko eskatu zieten. Lana burutzeko, hautagai bakoitzak hiru gai izan ditu aukeran:
> Maite ditut maite gure bazterrak: Euskal Herria eta aztarna ekologikoa.
> Joen-etorriak: migrazio mugimenduak.
> Errimak eta erritmoak: musika, kantak, dantzak, olerkiak, antzezpenak.
Inteligentzia mota ezberdinen araberako formatuak ere izan dituzte aukeran: Historikoa, Literarioa, Ikus-Entzunezkoa, Musikala, Plastikoa edota Sormen Digitala.
Lurralde bakoitzetik abenturara batuko ziren gazteentzako plaza kopurua aldez aurretik ezartzeko, lurralde bakoitzeko biztanleriak Euskal Herriko biztanleria osoarekiko suposatzen duen proportzioa hartu zuten kontuan, eta 121 laguneko taldera estrapolatu. Era berean, Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko anitzen presentzia bermatzea eta neska/mutil proportzio orekatua lortzea ere finkatu zuten helburu gisa (%35 / %65-eko aldea, asko jota). Bestalde, bi leku gorde zituzten zortzigarren euskal probintziakoentzat.
Aste hauetan zehar, Eusko Ikaskuntzako eta PuntuEUS Fundazioko 20 kide aritu dira jasotako 263 proposamen eta motibazio gutunak ebaluatzen. Epaimahaiak originaltasun, estilo, teknika eta kalitate irizpideetan oinarritu du bere ebazpena.
Horrenbestez, une honetan, 121 gaztek dute EuskarAbentura 2019 espedizioan parte hartu ahal izateko lekua, guztiak 2002–2003 bitarte jaiotakoak. %65 neskak dira, eta %35 mutilak. Parte hartzaileak ezagutzeko eta informazio gehiagorako, egin klik!