Euskara doan ikasi ahal izateko dinamika jarri du abian AEK-k

"Euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela" adierazi du AEK-k HITZEKIN. Denok euskara doan dinamikaren aurkezpenean. Korrikaren 22.edizioa hastear dela, doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharrari erantzuteko asmoa dute eta bide horretan urrats batzuk ematen hasiko dira.
Dinamika honen ildoetako bat da HITZEKIN. Denok euskara doan. Langileok prest izenekoa. Datorren ikasturtean doako ikastaro laburrak antolatuko dituzte, ELA eta LAB sindikatuekin elkarlanean, hainbat lantokitako langile-taldeekin. Euskal Herriko lantoki askotan ezaguna den dinamika biderkatu egin nahi dute ekimen honen bidez, jende gehiagorengana iristeko. Horretaz gain, dinamika honen helburua ere bistaratu nahi dute ekintza praktiko hauen bitartez: “Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere”, azaldu dute.
Langileen ustez, "euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-munduarena", eta berau euskalduntzeko urrats zehatzak aldarrikatu dituzte. Pausoak emateko prest daude haiek ere, langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen baitute hizkuntza-eskubideena ere, baina "norbanakoen boluntarismoa gainditu" behar dela azpimarratu dute: "Lan-mundua euskaldundu nahi bada, administrazioen aldetik erabaki ausartagoak hartu beharko dira ezinbestean. Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskara ezagutzeko bideak jartzea, horretarako denbora ziurtatzea, eta zerbitzu hori doakoa izatea”.
Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, dinamika zabalago baten parte dira ikastaro hauek, eta aurrerago ekinbide gehiago landuko dira, baita beste arloetan ere.