Euskaltzaindiak emango dio jarraipena Mintzola egitasmoari

Euskaltzaindiak emango dio jarraipena Mintzola egitasmoari Euskarazko eguneroko hizkera izango dute aztergai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaltzaindiak-emango-dio-jarraipena-mintzola-egitasmoari/@@download/image/mintzola albiste.png
2022/09/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskarazko eguneroko hizkera izango dute aztergai.
Euskaltzaindiak emango dio jarraipena Mintzola egitasmoari

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen, bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatu asmoz. Iaz Mintzola Fundazioaren ibilbidea amaitutzat eman zuten, ordea, eta hemendik aurrera Euskaltzaindiak jarraituko du euskarazko ahozko jardunaren ikerketan eta dibulgazioan.

Ikerketan, ezagutzaren transferentzian, formazioan eta sustapenean jardungo du Mintzolak aurrerantzean. Horren haritik, ikerketa sustatzeko bi deialdi egin dira: bata, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta, bestea, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa edota master-amaierako bost lan saritzeko.

Bestalde, Mintzolaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna izango da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera. Hainbat gairen ikerketan murgilduko dira: eguneroko hizkeraren ezaugarriak, corpusaren osaketa, mapak eta diagnostikoa; gaztelania eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean eta hizkuntza hautuan duen eragina; euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan; hedabideetatik eguneroko hizkerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak; hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilera sustatzeko bideak eta tresnak...

Gazteentzako egonaldi eta saioak
Gazteek euskarazko hainbat ahozko adierazpide ezagutzeko edota euskarazko hizkera informala lantzeko aukera ere bultzatu nahi dute, lehendik datozen bi egitasmorekin. Alde batetik, 18 eta 22 urte artekoei zuzendutako Ahostegunak izango da, antzerkian, bertsolaritzan, kantuan eta literaturan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko saioak. Beste aldetik, Ahots Baten sormen egonaldiak antolatuko dituzte, euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartu, harreman sareak egin eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko. Azken hau urriaren 29tik azaroaren 1era izango da, Amaiurko aterpetxean. Izena urriaren 3tik 20ra eman beharko da webgunean. Bi proiektu hauez gain, mintegiak ere antolatuko dira, ezagutzaren transferentzia eta formazioa sustatzeko.