Euskaltzain oso izateko hautagai dira Castillo Suarez idazlea eta Paula Kasares soziolinguista

Patxi Zabaleta euskaltzain emeritu izatera pasa zen maiatzaren 20an, eta, ondorioz, hautagaiak aurkezteko epea zabaldu zuten. Joan den ostiralean Euskaltzaindiak Osoko Bilkura egin zuen Alkizan eta bertan Castillo Suarez idazlearen eta Paula Kasares soziologoaren izenak aurkeztu ziren euskaltzain oso izateko hautagai. Iraileko Osoko bilkuran egingo dute euskaltzain oso berria hautatzeko bozketa.
Castillo Suarez Garcia (Altsasu, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da eta euskara teknikaria ogibidez. Hainbat poesia liburu kaleratu ditu, tartean Souvenir (2008, Elkar), Urtebetetze festa (2012, Elkar) eta Irautera (2019, Elkar). Hainbat hedabidetako kolaboratzailea ere bada. Azkenaldian, haur literaturan ere aritu da eta literaturari buruzko blog bat dauka: Iparraldeko neska. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.
Paula Kasares Corrales (Iruñea, 1969) soziolinguistika arloan aritu izan da. Doktorea da eta graduak nahiz graduondoak egin ditu euskal filologian, antropologian eta hizkuntza plangintzan. Euskararen normalizazio teknikari lanetan jardun izan du eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zen. Egun, Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria da eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea. Soziolinguistika, hizkuntza eskubide eta hizkuntza antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da Kasares. Euskaltzain urgazlea da 2016tik.