Euskaldun sutsuak

Euskaldun sutsuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskaldun-sutsuak/@@download/image/46p17-1_1367860062.jpg
2004/11/05
erreportajea
Ainhoa Irazu
Euskaldunak, sexu kontuetan, hotzak direla esan izan da. Jose Maria Satrustegik euskaldunen sexu ohiturak aztertu zituen —Erdi Arotik joan den mendera arte—. Apaiz eta etnografo nafarrak Erdi Aroko hamaika kontu eta pasarte bitxi bildu zuen.  

Euskaldunok, sexu kontuetan, aspaldi atera ginen "hozkailutik". Erdi Aroan, behintzat, ez zen falta bero-bero ibiltzen zenik….

Erdi Aroan, herritar askok ezkontzea zuten helburu. Dena dela, haietako askok, etxekoa ez ezik, beste ohe batzuk ere "berotu" egiten zituzten ezkondu ondoren, herri xehean hala nola aberats edo handikien artean.

Ohea, hala ere, ez zen garai hartako euskaldunen jolas leku bakarra. Herri xehearentzat, edozein leku ona zen: ganbara, mendia, etxeko gela bakarra —garai hartan, etxe askotan, sukaldeaz gain, gela bakarra izaten zen etxean—… Jauregietako giroak glamour handiagoa zuen, baina denek gauza bera egiten zuten finean: sexua.

Hona hemen handikien artean gertatutako kasu bat. Antso Gartzes infantea Constanzarekin ezkonduta zegoen. Baina beste emakume bat ere bazuen ohaide —Andregoto, Antso Abarka erregearen ama— eta seme-alaba sorta polita izan zuen harekin. Haietako bat Antso Sanchez Nafarroako kondea izan zen; aita bezala, sasiko ume asko sortutakoa bera ere. Nolako enborra, halako ezpala!

Ezkontzatik kanpora

Ezkontzatik kanpoko maitasun pasarteak ere ohikoak ziren. Haietako batzuk elkarrekin ezkontzeko hitza emana zuten neska-mutilen artekoak izaten ziren.

Luzaiden,  esaterako, mutikoek neska-lagunen etxean lo egiten zuten larunbatetan —Nafarroako herrian "amoros eguna" edo "neskaneguna" esaten zioten larunbatari duela gutxi arte—. Jakina da, ordea, hitzak haizeak eramaten dituela askotan, eta batzuek bertan behera uzten zuten ezkontza, "hartu emanetan" ibili ondoren. Martin Azterainek horixe egin zuen 1547an:  Juana Utergarekin hitzartutako ezkontza bertan behera utzi, eta Maria Zizurrekin ezkondu zen.

Eliz-gizonak ere ez ziren sexu grinaren izurritetik salbu. Rodrigo Tello ikuskariak Iruñeko elizbarrutia bisitatu zuen 1295ean, eta adierazi zuenez, maitaledun 450 eliz-gizon zeuden bertan.

Apaizak ere zigortuta

Legeek ezkontzatik kanpoko harremanak zigortzen zituzten: isunak, zartailuak… Hala ere, lapurreta egiteagatik bete beharreko zigorrak gogorragoak izaten ziren halako hutsegiteengatik bete beharrekoak baino. Ezkontzatik kanpoko harreman ugari zegoelako, agian?

Handikiekin eta eliz-gizonekin, agintariek ezikusiarena egiten zuten horrelakoetan. Dena dela, eliz-gizonak ere zigortu egiten zituzten: Azteraingo abade jaun Miguelek isuna ordaindu behar izan zuen Antso Garciaren emaztearekin oheratu zelako; apaizak eta emakumeak Semencillo izeneko semea izan zuten. Alderantzizko kasuak ere baziren: Oibar herriko Pascualari isuna jarri zioten 1358an, Otxoa Periz apaizarekin "bekatuan" ibiltzeagatik.

Dantzaren aurkako gurutzada

Neska-mutilak erromerietan eta garaiko jai egun garrantzitsuenetan elkartu ohi ziren: Santo Tomas eguna, Urte Berri eguna, Santa Ageda… Dantzaldiek ere arrakasta zuten. Horregatik, Iruñeko elizbarrutiak dantza debekatu zuen 1531n, neska-mutilei "deabrukeriak" eginarazten zizkielako.

Askoren ustez, emakumeak ziren tentazioaren errudun: irtirin jokatzea leporatzen zieten. Beraz, ez  zen haien aurkako neurririk ere falta. 1405ean, adibidez, zetazko jantziak eta zilarrezko eta urrezko apaingarriak eramatea —botoietan salbu— debekatu zieten Lizarrako emakumeei.

Nolako garaia, halako ezkontza



Garai bateko ezkontzen eta gaur egungoen artean aldea nabaria da; batik bat, neskentzat. Antzina, aitak erabakitzen baitzuen gehienetan alaba norekin ezkondu.

Senargaia aukeratzeko, herritarrak hobesten zituzten. Zuberoako Santa Grazin, esaterako, herriko mutilek bertan sartzea galarazten zioten sinbolikoki kanpotik etorritako senargaiari. Nola? Lurrean zinta bat jarrita. Kanpotarrak, gainera, dirua eman behar izaten zuen neskarekin ezkondu ahal izateko; errito hari “naharra” esaten zioten.

Bestalde, toki batzuetan, ezkontza aurretik, birjinitate proba egiten zieten neskei; birjinak ez baziren, mutilek ezkontza bertan behera utz zezaketen. Halako proba egin zioten Maria de Taxonarri Espartza-Zaraitzun, 1556an, Joan Remiriz senargaiak eskatuta; lekukoek harro erakutsi zuten odolez bustitako zapia.

Horrez gainera, ezkon gaua bitxia izaten zen zenbait herritan; Iruñea aldean, auzotarrek afaria eta txiste kontakizuna egiten zuten bikotea lo egiten zuen tokian. 

Maitasun istorio bat, 1596an



Pedro de Idiaquez eta Isabel de Lobiano gazteak maiteminduta zeuden. Neskatoa Mutrikuko komentu batean zegoen, eta familiak ez zuen Pedrorekin ezkontzerik nahi. Behin, biak komentutik gertu elkartu ziren, eta ihes egitea erabaki zuten: Pedrok txiro plantan joandako lagun bat bidaliko zuen, neskari ihes egiten laguntzeko. Hitzartutako egunean, “txiroa” —Zestoako apaiza, bera— komentura joan zen, baina mojek, lapurra zelakoan, atea itxi zioten. Zestoako apaizak atea jo eta jo jarraitu zuen, eta azkenik, atea hainbestetan ireki eta itxi ondoren, mojek giltzak zerrailan ahaztuta utzi zituzten. Isabelek eta apaizak hanka egin zuten, beraz, baina berria zabaldu bezain pronto, herritarrak eta mojak bikotearen bila hasi ziren. Alferrik, bikoteak hanka egitea lortu eta hurrengo egunean Azkoitiko apaizak ezkondu egin baitzituen. Ihesaldian, hala ere, Zestoako apaiza hil zen, herriko itsasadarrean itota. Lobianotarrek ezkontza bertan behera uztea eskatu zuten. Gainera, bahiketa, mojen klausura apurtzea eta apaizaren hilketa leporatu zioten Idiaquezi. Prozedura luze baten ondoren, elizbarrutiak ontzat eman zuen ezkontza.