Euskal zinemaren haziak

Euskal zinemaren haziak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-zinemaren-haziak/@@download/image/kimuak_1400060658.jpg
2014/05/14
berria
Ainhoa Fernandez de Arroyabe, Nekane E. Zubiaur eta Iñaki Lazkano EHUko irakasleek Kimuak film laburren programaren eta bertara lanak aurkeztu dituzten hemezortzi zuzendariren azterketa sakona egin dute. Emaitzak ‘Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco’ lanean bildu dituzte.


Orain hamasei urte, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, euskal film laburrak nazioartera zabaltzeko helburua duen Kimuak programaren aurreneko edizioa egin zuten. Ondorengo urteak zailak izan ziren, bereziki film laburrak luzeen anaia txikitzat hartzen ditugulako askotan, baina denbora aurrera joan ahala, egonkortu eta ospea eskuratu du ekimenak. Aipatzekoa da, gainera, dozena bat euskal zuzendari ezagunek bertan egin zituztela lehen urratsak.

Hala ba, programaren garapena eta bertatik atzerriko jaialdietarako saltoa eman duten lanen arrakasta hurbiletik lantzeko, lanean hasi ziren orain lau urte Ainhoa Fernandez de Arroyabe, Nekane E. Zubiaur eta Iñaki Lazkano irakasleak, eta egunotan aurkeztu dute ikerketaren emaitza: Cortometrajes de Kimuak. Semillas del cine vasco liburua. Halaber, film laburretan landutako gai eta generoak, eta lanen atzean dauden zuzendari entzutetsuenak aztertu dituzte.

Zuzendariak, protagonista

Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Tinieblas González, David González Rudiez, Isabel Herguera, Ione Hernández, Igor Legorreta, Emilio Pérez, Oskar Santos, Koldo Serra, Begoña Vicario, Nacho Vigalondo eta Haritz Zubillagaren lanen azterketa zehatz-mehatza ez ezik, bakoitzari egindako elkarrizketa ere barneratzen du lanak. "Elkarrizketak film laburren analisiak dira, eta kasu batzuetan, baita kontrapuntua ere, gerta litekeelako zuzendariak guk egin dugun azterketarekin bat ez etortzea", azaldu du Lazkanok.

Dudarik gabe, balio handiko lana aurkeztu dute.