Euskal Uhinetako esatariak

Euskal Uhinetako esatariak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-uhinetako-esatariak/@@download/image/2p23-4.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
David Aire
Euskal Uhinetako esatariak
Iparraldeak euskarazko hiru irrati baditu, Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Xiberuko Botza. Itziar, Ixabel eta Xabaltxek Euskal irratiotan lan egiten dute.

Ixabel Barreix: "Gazteek hitza hartu behar dute Zuberoan"

Ixabel duela bi urte sartu zen Xiberoko Botza irratian laguntzaile bezala. Gaur egun, kazetaria da,  berriak aurkezten ditu. Horrez gain, laguntzaile gazteak irratigintzan formatzen ditu. Ixabelek argiki adierazi du formakuntzaren helburua: "gazteek hitza hartu behar dute, gu bezalako komunikabideen lana da lekutxo baten egitea". Gaur egun hogei bat gaztek segitzen dute ikastaldia Ixabelekin. Ixabelek anitz ongi pasatzen badu ere, lanean ez da debaldetan ari: "eginahala egin behar dugu  herriaren salbatzeko, gaur egun oraindik posible da, bihar berantegi izanen da".
Itziar Madina: "Beti prest izan nahi dut hedabiderik ez dutenei hitza emateko"

Itziar Valentzian sortua da. Hego Euskal Herrian bizi eta Kazetaritza ikasketak Leioan egin ondoren, Donibane Garazin pausatu da. Hiru urte daramatza Irulegiko Irratian. Itziarren kezka nagusia da ingurumena. Hurbiletik segitzen du Iparraldean den autopista proiektua: "beti prest izan nahi dut hedabiderik ez dutenei hitza emateko". Galde egin diogularik zer aldatu nahi duen irratian hauxe adierazi digu: "jende gehiago behar genuke emankizun berrien asmatzeko, ahatik horrek ez luke irratiaren giroa eta arima aldatu behar". Esku zartak Itziarrendako, Behenafarroan lan egiteko, tokiko euskalkia ikasi behar izan baitu.
Xabaltx: "Diskoen aurkezpenak leku gutti zuen"

Xabaltxek bere burua duela bortz urte ezagutarazi zuen Gure Irratian. Jadanik  ezaguna zen kantautore bezala. Bi disko atera ditu: "Zalantzak" eta "Xabaltx eta H2O". Gaur egun irratiko saioak ttipitu ditu bere egiazko pasioneari tokia uzteko: musika. Dena den, irratian disko berriak aurkezten ditu astearte aratsalde guziz: "ohartu nintzen euskal irratietan diskoen aurkezpenak toki gutti zuela, gainera musikaria izanez, banekien promozio lana arras zaila zela Iparraldean. Ohar horren ondotik zen sortu ene emankizuna". Xalbaltxen emankizunean talde ospetsuenak pasatu dira, estilo guzietakoak, Su ta Garretik Oskorrirano.