Euskal txanponak

Euskal txanponak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-txanponak/@@download/image/12p35-4.jpg
2001/10/05
erreportajea
Euskal txanponak
Euskal Herriak ere bere monetak izan ditu. Nafarroako Erresumaren garaian, karlistadetan edota Espainiako Gerra Zibilean bertako erakundeek txanponak egin zituzten eta Euskal Herri osoan erabili ez ziren arren, hedapen handia izan zuten.

Nafarroako Erresuma
Nafarroako erregeek txanponak egin zituzten: Antso III, Antso "Azkarra", Pedro I, Albreteko Joana… Hala ere, Nafarroak, 1512an independentzia galdu zuen arren, dirua egiten jarraitu zuen. Nafarroa Garaian XIX. mendearen lehen hamarkadetan utzi zioten beraien txanpona erabiltzeari. Nafarroa Berehean, aldiz, Luis XIV erregearekin (1643-1715) egin ziren azken txanponak, Donapaleun. Dena den, Luis XIV. hil ondoren, Frantziako eta Nafarroako harmarriak zituzten txanponak erabili ziren XVIII. mendean, 1789ko iraultzara arte.

Karlistadak

XIX. mendean, liberalen eta karlisten arteko gerratetan, karlistak Euskal Herriko lurralde zabalez jabetu ziren eta euren administrazio eta erakundeak sortu zituzten, baita dirua egin ere. Adibidez, 1875ean, eta Carlos VII karlisten erregegaiaren aginduz, txanponak egin ziren Oñatin. Txanpon hauek zilarrezkoak eta brontzezkoak ziren, baina ez ziren ia erabili ere egin.

Espainiako Gerra Zibila

1937an, Espainiako Gerra Zibilean, Euzkadiko Gobernuak dirua kaleratu zuen garai hartan kontrolpean zuen lurraldean, hau da, Bizkaian. Txanponak pezeta batekoak edo bi pezetatakoak ziren; kapel frigioaz jantzitako emakume baten burua –Errepublikaren ikurra- eta ondorengo leloa zuten gazteleraz: "Gobierno de Euzkadi". Bileteak ere egin ziren, 5, 10, 25, 50, 100, 500 eta 1.000 pezetatakoak, eta baita txekeak ere. Txanponak ez bezala, bileteek eta txekeek erabilpen zabala izan zuten.



Espainiako Fernando VII erregea (1808-1838) Nafarroako errege ere bazen, baina oraingo honetan, Fernando III zen. Txanpon honetan horixe irakur daiteke. Alde batean, “Fernandus III” eta bestean, “Nafarrae Rex”. 



Luis XV Frantziako erregearen (1715-1774) txanpona. Nafarroako eta Frantziako garai hartako harmarriak ageri dira.