Euskal literaturako hitzak eta zeramika uztartzen dituen 'Nortasuna+' erakusketa inauguratuko dute gaur Gasteizen

Euskal literaturako hitzak eta zeramika uztartzen dituen 'Nortasuna+' erakusketa inauguratuko dute gaur Gasteizen Hainbat euskal idazleren hitzak hartu eta zeramikazko lanak egin dituzte zortzi artistek. Belaunaldiartekotasuna eta euskal nortasunaren aniztasuna ditu ardatz erakusketak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-literaturako-hitzak-eta-zeramika-uztartzen-dituen-nortasuna-erakusketa-inauguratuko-dute-gaur-gasteizen/@@download/image/Eskuorriko-azala-jpg-2048x1444.jpg
2022/01/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hainbat euskal idazleren hitzak hartu eta zeramikazko lanak egin dituzte zortzi artistek. Belaunaldiartekotasuna eta euskal nortasunaren aniztasuna ditu ardatz erakusketak.
Euskal literaturako hitzak eta zeramika uztartzen dituen 'Nortasuna+' erakusketa inauguratuko dute gaur Gasteizen

Euskal Keramikagile Garaikideak (EKG) elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak osatutako Nortasuna+ erakusketa irekiko dute gaur, 19:00etan, Oihaneder Euskararen Etxeko lehenengo solairuan. Inaugurazio honetan, Itziar Uriarte idazleak aurkezpen berezia egingo du, eta erakusketan landu diren testuei ahotsa, musika eta zeinu hizkuntza jarriko die.

Nortasuna+ euskal literaturaren parte diren hainbat testu abiapuntu hartuta egin den talde-erakusketa da. Artista bakoitzak bere zeramika-lana hautatutako testuarekin lotu du. Bitoriano Gandiagarekin hasi eta Itxaro Bordarekin amaituz, hainbat euskal idazleren hitzen materializazio prozesu ezberdinak aurki daitezke euskal nortasunaren auziari erreparatzen dion erakusketa honetan. "Belaunaldiartekotasuna landu eta euskarari zein identitatearen ikuspegiari modu anitzagoan erantzuteko saiakera egiteko gogoz" sortu dute zeramikagileek erakusketa. "Euskalduntasuna gero eta modu zabalago eta anitzagoan ulertzeko pauso txiki bat gehiago eman" nahi izan dute, arte eta kulturaren munduan lantzeko dagoen genero arrakalari erreparatzeko, besteak beste.

Erakusketan Ines Gonzalez de Zarate, Txaro Marañon, Ramon Berraondo, Maite Salutregi, Loli Pinedo, Koro Martinez, Jabi Berasategi eta Jone Urain artistek hartu dute parte. 

Ekintza osagarriak ere antolatu dituzte erakusketaren harira. Otsailaren 9an, 19:00etan, Anari eta Iñigo Astizen Kantatu, maitatu eta zalantza eskainiko dute. Otsailaren 17an, 19:00etan, Xabier Amurizaren Etxepare, jalgi hadi batura hitzaldia izango da eta otsailaren 20an, 19:00etan, Irati Jimenezen Euskal literaturaren historia sobrenatural bat. Azkenik, otsailaren 27an, erakusketaren itxiera ekitaldia egingo dute eta making off dokumentala erakutsiko dute. 

Erakusketa otsailaren 27ra arte izango da zabalik honako ordutegian: asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Bisita gidatuak ere egingo dituzte, artistek eurek gidatuak. Otsailaren 5ean eta 12an, 12:00etan, eta otsailaren 24an, 19:00etan. Gonbidapenak aurrez eskuratu behar dira.