Euskal kultura, txerri bikote baten ikuspegitik

Euskal kultura, txerri bikote baten ikuspegitik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-kultura-txerri-bikote-baten-ikuspegitik/@@download/image/20128315432txerri.jpg
2012/12/13
berria
Euskal kultura, txerri bikote baten ikuspegitik
Abuztuaren 28tik irailaren 30era bitarte, Bertrand Dezoteux baionarraren 'Txerri' lana ikusgai izango da Bilboko Rekalde aretoan. Hiru dimentsiotako txerri bikotea da bideoko protagonista, eta haien bidez euskal gizartea islatu du artistak.

Euskal Kultur Erakundeak arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak garatzeko antolatutako Hogei'ta programako irabazlea izan zen iaz Txerri lana. Rekalde aretoan izango da ikusgai iraila osoan zehar, baina aldez aurretik Parisen eta beste hainbat herritan ere proiektatu dute.

Euskal landa esparruan kokaturiko istorioa aurkeztu du Dezoteuxek, elementu anitz barneratuz. Ekoizpen prozesuaren baitan, lehenik bideoa filmatu zuen artistak, eta muntatze-lanetan, 3D formatuan animatutako izaki birtualak sartu zituen gero.

Euskal kultura oinarri
Irisarri herrixka lasaian oldarka sartzen diren bi txerri dira, hain zuzen, filmeko izaki protagonistak. Haien bidez euskal ohiturak, hala nola, euskal pilota, dantzak, musika, ehiza-taldea… erakusten ditu artistak.

Grabaketa gauzatzeko herrixkako biztanleen laguntza eta elkarlana izan zituen Dezoteuxek, aldizkako antzezle moduan parte hartu baitzuten. Umore kutsua ez du falta lanak, eta artistak argi azaltzen ditu muntatze lanetan erabilitako trikimailuak.

Bertrand Dezoteux


Baionan jaio zen 1982an, eta bertan bizi eta lan egiten du. 2001etik 2003ra bitartean kontakizun grafikoa ikasi zuen Angoulemeko Ecole superieur-en, eta 2004an Pusanera joan zen, Hego Koreara, bertako margolaritza ikastera.
Besteak beste, Zaldiaren orena bideoa, Le silence des Betes erakusketa eta Low Montains erakusketa dira bere lanik azpimarragarrienak, eta iaz Reboot3 proiektuan hartu zuen parte.