Euskal Herriko Zinekluben I. Topaketa

Donostiako Kresala Zineklubaren ekimenez, Euskal Herriko Zinekluben I. Topaketa egingo dute irailaren 14an Donostiako Tabakaleran. Gipuzkoako zineklubik zaharrena denak bere gain hartu du gurean aitzindaria den ekimenaren antolaketa, eta zinekluben arteko harremana sustatzeko, nork bere kezka eta erronkak besteekin partekatzeko, eta bereziki, elkar ezagutzeko baliatuko dute zita.
Talde gonbidatuek goizeko lehen ordutik iluntzeraino elkarteen egoeraren, bilakaeraren eta aukeren inguruan hausnartuko dute. Bilboko Fas, Azkoitiko Matadeixe Zinetogram, Iruñeako Lehen Saioa eta Donostiako Kresala taldeak izango dira goizeko lehen saioan. Ondoren, Julio Lamanak, Nazioarteko Zinekluben Federazioko idazkari nagusiak, Zinema elkarteen arteko lankidetza eta horren onurak aztertuko ditu.
Bazkal ondoren, halaber, Estatu mailako banatzaile desberdinen aurkezpen bat egingo dute, haien lanaren azalpena egiteaz harago, beren proiektu eta produktuak aurkezteko. Azken ondorio eta iritziak partekatu ostean, zineforum emanaldi batek itxiko du egitaraua.
Egunean parte hartzeko ondorengo formularioa bete behar da. Ekitaldia edonori irekia dago, aretoko eserlekuak mugatuak direlako, lehenbailehen izen ematea gomendatzen dute!
Zinea.eus atarikoek gainera, Ander Gisasola eta Paul Ormaetxea Kresala Zineklubeko kideak elkarrizketatu dituzte: