Euskal Herriko kosta, hogei egunez pedalo batean

Euskal Herriko kosta, hogei egunez pedalo batean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-kosta-hogei-egunez-pedalo-batean/@@download/image/20127275972pedalo.jpg
2012/12/13
berria
Euskal Herriko kosta, hogei egunez pedalo batean
Jon itsas biologoa, Joseba artista eta Eneko munduko pertsonarik onenak asmo bat dute uda hontarako: Internet bidez pedalo bat erosi eta Biarritzetik Bilbora, Euskal Herriko kosta, zeharkatuko dute. Horretarako, baina, 1.700 euro behar dituzte, eta zure laguntza eskatu dute kopurua osatu eta bidaiari ekiteko. Laguntzeko prest?

Hogei eguneko txangoa grabatu eta Pedalo izeneko dokumentala osatu nahi dute. Haiek egingo dute dena, Josebak ikus-entzunezko ikasketak burutu baititu, eta udari buruzko dokumentaletik haratago, gure inguruko hondartzetako arroketan aurki daitezkeen itsas faunari buruzko kontaketa ere egingo dute.

Kostako paisaia zoragarriak erakustearekin batera, eta herrietako festak direla aprobetxatuz, geraldi bereziak egingo dituzte bidaian zehar. Hala nola, Lekeitiko Antzar Egunean eta Debako festetan izango dira.

Katxondeoa, umore ona eta ongi pasatzeko gogoak ez zaizkie faltako hiru adiskideei, eta galernak eta eguraldi txarra izango dira haien mehatxu nagusiak. Lortuko ote dute Bilboraino iristea? Emaiezu zure laguntza, eta has daitezela beren esperientziarekin!

Lagundu nahi duzu?


Pedalo proiektua aurrera atera dadin, 1.700 euroko aurrekontua prestatu dute hiru gazteek. Kopuru hori biltzeko, zuen laguntza behar dute. Dagoeneko 1.300 euro inguru bildu dituzte, eta gutxi falta zaie pedaloa erosi eta uretara sartzeko.
Zure hondar aletxoa jartzeko, beren webgunean sartu eta 5 eurotik hasita, 280 euro bitarteko diru ekarpenak egin ahal izango dituzu. Anima zaitez!