Euskal Herriko eta diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunak Donostiako Mintza Egunean elkartuko dira

Euskal Herriko eta diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunak Donostiako Mintza Egunean elkartuko dira Maiatzaren 27rako egun osoko egitaraua antolatu dute eta aurrez eman behar da izena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herriko-eta-diasporako-mintzalagun-mintzakide-eta-berbalagunak-donostiako-mintza-egunean-elkartuko-dira/@@download/image/Mintza-Eguna-2023-gonbidapena-postala.jpg
2023/05/04
Maiatzaren 27rako egun osoko egitaraua antolatu dute eta aurrez eman behar da izena.
Euskal Herriko eta diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunak Donostiako Mintza Egunean elkartuko dira

Maiatzaren 27an Mintza Eguna egingo dute Donostian, egitasmoaren hogeita hamargarren urteurrena ospatzeko. Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteak abiatu zuen ekimena 1993ko abenduan, sei Bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartuta.

Urteurrena aitzakiatzat hartuta, Euskal Herriko  zein diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunak batuko dira Gipuzkoako hiriburuan, elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko asmoz. Euskaltzale guztiak ospakizunean parte hartzera gonbidatu dituzte. "Mintzapoza elkarrekin praktikatzen jarraitzeko eta komunitatea trinkotzeko hitzordua izango da", azaldu dute antolatzaileek.

Bagera euskaltzaleen elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak egun osoko egitaraua prestatu dute, Donostiako Udalaren babesarekin eta hainbat laguntzaileren ekarpenari esker.

Gainera, bertaratu ez arren, Mintza Eguna jaian parte hartzeko aukera izango da. Izan ere, bigarren urtez, mundu osoko kideekin hartu-emana sortuko dute San Telmo museoko elizan egingo den Mintzodromoan. Hortaz, munduko Mintzalagun eta euskaltzale guztiei egin diete bertan parte hartzeko deia.

Mintzodromoa amaitutakoan, esker-emate ekitaldia izango da. Mintzalaguna, Mintzanet eta Jalgi Hadi mundura komunitateek parte hartzaileak omendu eta eskerrak emateko baliatuko dute.   

Izen-emate galdetegia bete beharko da Mintza Egunean aurrez aurre zein urrunetik parte hartzeko. Autobusen eta otorduaren inguruko informazioa ere eskuragarri dago hemen.

2006tik elkartzen
Lehen Mintza Eguna 2006an antolatu zuen Euskaltzaleen Topaguneak, Iruñean. Ordutik urteroko ospatzen da eta hainbat tokitan egin izan da: Donostian, Getxon, Gasteizen, Arrasaten, Elizondon, Santurtzin, Elgoibarren, Murgian, Beran, Atarrabian, Derion, Hondarribian, Lapuebla de Labarkan eta Hendaian.

Praktikatzeko aukerak zabaltzen
Antolatzaileek azaldu dutenez, "euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak biderkatu egin dira" 30 urteotan, eta hainbat modu daude Mintzapraktikan aritzeko: Gurasolaguna, parkelaguna, mendi taldeak, hikalaguna, mintza ibilaldiak edo paseoak, mintzaboxeo, emakume taldea, pintxopote taldea, abesbatza...

Gaur egun 7.000 pertsonatik gora elkartzen dira astero Mintzapraktika egiteko. Astean ordu betez, solasaldi lasaian aritzen dira. Hala, Bidelariek lotsa gainditzea, akatsak egiteari beldurra kentzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta erabileran trebatzea izaten dute helburu. Bidelagunak, berriz, modu boluntarioan aritzen diren euskaldunak izaten dira, astean ordubete eskainiz, eta euren ezagutza partekatuz. "MintzaPoza sortzen" dute astero kideek. 

Aurrez aurre ez ezik, euskara Internet bidez praktikatzeko aukera ere badago Mintzanet eta Jalgi Hadi Mundura atarien bidez.  Munduko hainbat lekutako bidelari eta bidelagunak batzen dira: Ozeania, Euskal Herria, Estatu Batuak, Frantzia, Mexiko, Irlanda, Argentina, Uruguay, Txile, Espainia eta Erresuma Batukoak.