Euskal Herrian barrena (eta autorik gabe)

Euskal Herrian barrena (eta autorik gabe) https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-herrian-barrena-eta-autorik-gabe/@@download/image/52p17on.jpg
2005/05/06
erreportajea
Orkatz Goenaga
Euskal Herrian barrena (eta autorik gabe)
Autoarekiko erabateko menpekotasuna duen gizarte honetan, oporrak ere lau gurpilen gainean -edo hegazkina hartuta- egin behar ditugula dirudi. Hori ez da horrela, baina: oso gustura ibil gaitezke batetik bestera trenez, autobusez edo bizikletaz. Hona hemen, gainean dugun uda honetarako gure proposamena.     

Euskal Herriko trenbide sarearen eztabaida puri-purian dagoen honetan, Euskal Herria trenez gurutzatzeko proposamentxo batekin gatozkizue. Izan ere, trenez bidaiatzea Europa zeharkatzeko ideiarekin lotzen den arren,  gurean ere egin daiteke horrelako txango ederrik.

Gainera, trenean bizikleta eramateko aukera izaten da, eta ondorioz, bizikletaz balia gaitezke helmuga bakoitzean parajeaz gozatzeko. Dena den, ez beldurrik izan: Euskal Herria txikia denez, ez ditugu bizikletaz ibilbide luzeak egingo. Bestalde, gure bidaia trenarekin lotu badugu ere, oinez edo beste garraio publiko batzuk erabilita ere mugi gaitezke: lasai, hemen alternatiba guztiak onartzen dira eta.

Bestalde, gogoan izan ezazue, ingurune eta herri hauetan guztietan, eskura izango ditugula hainbat aterpetxe eta kanpin.

Enkarterrietan barrena

Bizkaiko paraje ederrenetako batetik hasiko dugu bidaia: Enkarterrietako Karrantzatik. Erdi aroan, Salazar jauntxoaren gidaritzapean, bertako burdinari eta Gaztelatik iristen ziren lehengaiei jarritako ordain-sariei esker, aberastasun handia lortu zuten Enkarterriek. Azken bi mendeetan, baina, Ameriketara emigratu zuten indianoek ekarri behar izan zuten bertakoen bizitza errazteko dirua.

Historiak eman dion nahastura horretatik, paisaia berezia sortu da Enkarterrietan. Batetik, Balmaseda bezalako herri baten alde zaharrak, zubi eta meskita (jatorriz eta izatez udaletxea) ditugu. Bestetik, Enkarterrian barreiaturik, indianoek ekarritako arkitektura berezia topatuko dugu. Historia eta istorio ugari dituen ingurune hau, kulturaz eta naturaz gozatzeko ezinhobea da.

Balmasedatik Urduñara

Balmasedatik Bilbora joango gara. Bidaia luzea denez, Bilbon denborarik galdu gabe, Urduñara garamatzan aldirikako trena hartuko dugu.

Urduñan, gure ibilbide osoan bizikletaz egitea beste aukerarik ez dagoen zati bakarrari ekingo diogu (bizikletarik gabe bagaude, autobusa har dezakegu). Urduñan, Aiarako koadrilan dagoen Bizkaiko irlan, Aialako jauntxo ahalguztidunaren lurraldean sartuko gara. Batetik, Delikako zirkuaren (Nerbioi ibaiaren jaiotzako ur-jauzi izugarria), gisako natur ikuskizun apartak topatuko ditugu. Horrekin batera, garai bateko jauntxoen domeinuak gogora dakarzkiguten dorretxe eta nekazaritza herri miresgarriak izango ditugu ikusgai, Kexaa edo Beotegi, adibidez.

Urduñatik Murgiara

Ingurune hauez gozatu ostean, Murgiarantz abiatuko gara bizikletaz. Horretarako, atzean utziko dugu Gorbeia mendia (nahi izanez gero), eta Gasteizko bidea hartuko dugu. Gasteizen, lehen Bilbon egin dugunaren antzera, tren geltokira joango gara zuzenean. Tren geltokian, aldirikako trena hartuko dugu Altsasura joateko.

Altsasun, egunen bat har dezakegu bizikletaz batetik bestera ibili eta Nafarroako Sakana ezagutzeko. Sakana nekazaritza ingurunea da (Arbizu, Bakaikoa, Iturmendi edo Ziordia bezalako herriak), eta Aralar, Urbasa eta Andia mendilerroez eta Altzaniako mendiez inguratua dago. Bizikletaz edo oinez, naturaz gozatzeko txoko liluragarri asko dago inguruneetan.

Sakanan, hainbat aukera izango ditugu gure ibilbidean aurrera egiteko. Lehenengo aukera, Altsasura bueltatzea eta trenez jarraitzea da, baina oraindik hankak gogortzeke baditugu, bizikleta gainean jarraitzea da bigarren aukera.
Bizikletaz, Sakanatik Aralar mendilerroa gurutza dezakegu, Gipuzkoako Goierrira edo Tolosaldera heltzeko. Aukera asko daude Aralar gurutzatzeko: Azpiroz mendatea jaistea Araitz bailaratik Tolosara; Otzaurte mendatetik, Zegamara; Lizarrustitik, Beasainera; edo Aralarko San Migeldik Araitz bailarara eta Tolosara.

Hauxe gure gomendioa: Uharte-Arakildik San Migel baselizara joatea, eta bertatik, Aralarko Guardetxetik, Igaratzako aterpe librera joatea. Igaratzan gaua izarpean igaroko dugu.

Muga ondoko paduretatik Lapurdira

Altsasutik, Beasaindik edo Tolosatik, berriro ere trena hartu eta Irunera joango gara. Bertan, Txingudiko badiaren aurrean, bizikletaz baliatuko gara berriro, eta Euskal Herrian hain urriak diren padurak (Bidasoako Irlak, Plaiaundi eta Jaizubia) ikusi ahal izango ditugu. Hain zuzen, Plaiaundiko ekoetxean izango dugu horiek guztien berri.

Ondoren, bizikletatik jaitsi gabe, Hondarribira joango gara. Hondarribiko alde zaharrean, erdi aroan arrantzaleek eta merkatariek ekarritako aberastasunez gozatu ahal izango dugu.

Ondoren, Hondarribiatik Irunera itzuliko gara, eta Santiago zubia igarota, Lapurdirako bidea hartuko dugu, Hendaiara. Hendaian bi aukera izango ditugu: trenez edo autobusez Lapurdiko kostako herrietatik ibiltzea; edo bizikleta gainean, Euskal Herriko itsasertz ederrenetariko eta aberatsenetariko bat lasai-lasai zeharkatzea.

Hendaian, Abbadiako gazteluaren inguruko parke naturalaz gozatzeaz gain, aurrera egin eta Ziburu, Getaria edo Donibane Lohizune gisako herri arrantzaleak ikus ditzakegu. Arrantzale giro horrekin kontrajarrita, frantziar aristokraziak sorturiko luxuzko turismo-guneetan ere ikusmiran ibil gaitezke; Miarritzeko portu zaharretik, esaterako, Hotel du Palais eta itsasertzeko luxuzko eraikin zaharrak ikusteko aukera izango dugu. Bestalde, itsasertz honek eskaintzen digun beste aukera bat ere aztertu beharra dago, hankek atsedena eskatzen badigute, batez ere: edozein hondartzatan etzan, eta bustialditik bustialdira, eguzkia hartuz lo-kuluxkatxo bat egitea. Azkenik, bidaia amaitzeko, Baionara iritsiko gara, Lapurdiko hiriburura. Bertan, Baiona Ttipiko eta Baiona Handiko bizitza eta giroaz blai, hiriak dituen berezitasunak ikusiko ditugu. Beraz, hauxe da gure proposamena. Gogoan izan ezazue, natur inguruneetatik igarotzean, errespetuz jokatu behar dela beti. Ondo ibili!

Distantzi eta prezioak


 Ibilbidea Distantzia Enpresa Prezioa
 Karrantza-Balmaseda 24km FEVE 1.15 euro
 Balmaseda-Bilbo
 32km FEVE 1.90 euro
 Bilbo-Urduña
 34km  RENFE
 1.70 euro
 Urduña-Gasteiz
 41km La Union -
 Gasteiz-Altsasu 43km RENFE 2.55 euro
 Altsasu-Beasain (Otzaurtetik)
 31km  
 Altsasu-Beasain (Lizarrustitik)
 39km  
 Altsasu-Uharte-Arakil
 20km  
 Uharte-Arakil-San Migel
8-9km

 San Migel-Guardetxe  5km  
 Guardetxe-Lekunberri13km  
 Lekunberri-Tolosa 32km  
 Beasain-Tolosa 18km RENFE 1.15 euro
 Tolosa-Irun 51km RENFE 2.10 euro
 Hendaia-Baiona
 31km
 SNCF eta TGV


Trenak


www.feve.es (Bilbo-Balmaseda).
www.renfe.es (Bilbo-Urduña; Gazteiz-Altsasu; Altsasu-Irun).

Bestelako informazioa
www.enkartur.net (Enkarterrietako informazio orokorra).
www.karrantza.com (Karrantza eta Enkarterrietako informazioa)
www.urduna.com (Urduñako udaletxea).
www.sakanerria.com (Sakanako informazio orokorra).
www.bidasoaturismo.com (Bidasoako turismo informazioa).
www.bidasoa-txingudi.com (Badiaren mugaz gaindiko informazioa).
www.bayonne-tourisme.com (Baionako turismo informazioa).
www.tourisme64.com (Atlantiar pirineoen departamenduko turismo informazioa)www.navarra.es (Turismoa) (Nafarroako informazio orokorra).