Euskal Gazteriaren Kontseiluak bideo lehiaketa berria jarri du abian

Euskal Gazteriaren Kontseiluak bideo lehiaketa berria jarri du abian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-gazteriaren-kontseiluak-bideo-lehiaketa-berria-jarri-du-abian/@@download/image/recacciona_bide_1371563142.jpg
2013/06/19
berria
Euskal Gazteriaren Kontseiluak bideo lehiaketa berria jarri du abian
Gazteen lana ikusaraztea helburu duen bideo lehiaketa berria antolatu du EGK Euskal Gazteriaren Kontseiluak: RECacciona. Parte hartzeko garaia da! Irailaren 15a bitarte zabalik izango da izena emateko epea, eta irabazleak gizarte proiektu batera bideratu beharko du 1.000 euroko diru-saria.


18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduriko bideo lehiaketa jarri du martxan EGKk aurten lehen aldiz. Gizarteko subjektu aktibo izateak duen garrantzia azpimarratzea eta gazteen parte-hartzea sustatzea du helburu, eta horretarako gehienez ere hiru minutuko iraupena duten bideoak osatu beharko dituzte parte hartzaileek.

Gutxienez bi lagunez osaturiko taldeak inskribatu daitezke, eta bideoak euskaraz ala gazteleraz egin ahal izango dituzte, edota bi hizkuntzetan! Gaia lehiaketaren izena bera da: RECacciona. Parte hartzeko garaia da!

Lanak bidali aurretik, irailaren 15a baino lehen, webguneko izen-emate orria bete beharko dute parte hartzaileek, eta ondoren bideoa Youtube-ra igo; beronen lotura komunika@egk.org helbidera bidali behar dute segidan, eta azkenik, DVD fisikoa EGKren Gasteizko egoitzara posta arruntez iritsarazi irailaren 30a baino lehen.

Sari potoloak
Bideorik onenak 1.000 euroko dirusaria jasoko du urriaren 30ean egingo duten sari banaketan; kopuru hori berak hautatutako gizarte proiektu batera bideratu beharko du. Ikusleen Saria jasotzen duenak, halaber, helburu berarekin erabili beharreko 300 euro jasoko ditu, eta ikusleentzako saria eskuratzen duenak, aldiz, 100 euro bidezko merkataritza eta nekazaritza ekologikoko saltokietan gastatzeko.

Zuk ere erreakzionatu eta zure hondar alea jarri nahi baduzu, hementxe duzu aukera. Hasi bideoak osatzen!