Euskal erroetatik tiraka
Lazkaoko Mazpide euskaltegian euskara eskolak jasotzen ari diren goiz lasai batean elkartu gara egitasmoan parte hartu duten hiru gazterekin. Begirale lanetan aritu den Anne Marie Chiramberro, 33 urtekoa, Kaliforniako San Frantzisko hirian bizi da, eta aita Iparraldekoa du. Umetatik etorri izan da, uda batzuetan, bere aitaren jaioterrira, Donibane Garazitik gertu dagoen Eiheralarre herrira, eta, beraz, ezagutzen du familia eta ingurua. Idahoko Homedale herriko 23 urteko Kaden Henryrentzat lehen aldia da Euskal Herrian. Mañarian izan berri da, eta tokia bisitatzeaz gain, birraitona bizi izan omen zen etxea ere ikusi ahal izan du. Oregongo Bend herrian hazitako 19 urteko Gabriella Shirtcliffek ere lehenengoz zapaldu du bere arbasoen lurra. Bizkaia aldean –Ispasterren, Gernikan, Ajangizen…– bizi ditu familiakoak eta programa amaitutakoan hara joateko asmoa du.
Hirurak oso eskertuak daude aukera honekin, beraien jatorriari lotzeko bidea eman dielako, zama ekonomiko handirik izan gabe, hegaldia besterik ez baitute ordaindu beharrik izan. Goierriko familien etxeetan hartu dute ostatu eta askok euren adin ingurukoak izan dituzte bizikide. “Bertako jende gaztea ezagutu, lagunak egin eta euskara pixka bat ikasi eta hitz egiteko” abagune paregabea dela uste dute.
“Bertako jende gaztea ezagutu, lagunak egin eta euskara pixka bat ikasi eta hitz egiteko” abagune paregabea dela uste dute.
Euskal Herrira etortzean, otorduen ordutegi berantiarrekin harritzeaz gain, euskalduna izatea ez dela iraganeko kontua ohartu dira. “Umetan euskal dantzetan aritzen nintzenean, nire arbasoak edo familiako kideak ohoratzen ari nintzela sentitzen nuen. Arratsalde batez, euskal dantzen ikuskizuna izan zen Lazkaoko plazan eta benetakoa zela ikusi nuen, ez Estatu Batuetan bakarrik egiten dugun zerbait. Oraindik bizirik dago”, azaldu du Henryk. “Hemengo jende gaztearekin egonik, ikusi dut euskalduna izatea modernoa dela, eta etorkizunera doala”, gaineratu du Shirtcliffek.
Etxean eta egunerokoan jende gaztez inguratua izateak esperientzia erraztu diela uste du Henryk: “Eskolara etortzean elkarrekin identifika gaitezke eta komunean ditugun interesei buruz hitz egin, eta harrera-familiak zeure adineko norbait izateak ere laguntzen du. Nire harrera-arrebarekin ibiltzen naiz, herria erakusten dit eta oso ondo dago nola bizi diren erakusten dizun norbait izatea”. Bestetik, etxean izandako bizipenak euskaldun izatearekin loturik zeudela jabetu da Shirtcliff: “Harrera familiarekin igarotako lehen gauean «Ondo loin» esan zutenean, salto egin nuen, hori baita nire amak esaten duena. Umetan «Do you wanna go lolo?» esaten zigun, eta ez naiz inoiz konturatu hori euskal hitza zenik”.
“Harrera familiarekin igarotako lehen gauean «Ondo loin» esan zutenean, salto egin nuen, hori baita nire amak esaten duena. Umetan «Do you wanna go lolo?» esaten zigun, eta ez naiz inoiz konturatu hori euskal hitza zenik”.
Euskara eskolak eta irteerak
Gazte estatubatuarrek euskara eskolak jaso dituzte eta, hutsetik hasi direnek, oinarrizko hainbat eduki landu dituzte: euren buruaren aurkezpena, tabernan eskatzea, azokan erosketak egitea, baserriaren inguruko hiztegia… Egunerokoan erabiltzeko kontuak ikasi dituzte eta horrek “askoz konektatuago” sentiarazi dituela nabarmendu dute.
Irteera ugari ere egin dituzte eta tartean Gasteiz, Bilbo, Donostia, Pasaia, Segura, Iruñea, Arantzazu eta Gernikan izan dira. Euskal baserri tradizionalak eta museoak bisitatu dituzte eta bizi ohitura tradizionalen eta bertsolaritzaren berri ere izan dute.
Programan parte hartu duten gazteetako batzuk elkar ezagutzen zuten aurrez, baina esperientzia honek euren arteko lotura sortu edo sendotu du, ia egun osoan elkarrekin egon baitira. “Elkarrekin lanean aritzeak, irakasleak esandakoa ulertu nahian, elkarrekin bat egin eta elkar oso azkar ezagutzea eragin du. Bigarren egunerako denak ezagutzen nituen, guztien laguntza behar izan baitut. Askoz errazagoa da euskalduna izatea komunitate batean, oso zaila da zure kabuz hitz egitea. Euskalduna izatearen definizioa besteei euskaraz hitz egitea da, komunitatea eskatzen du hitz egiteko eta existitzeko. Lotura horiek sortu ahal izatea hemen, eta bueltan eraman ahal izatea, oso boteretsua da”. Kontatu du Shirtcliffek.
Harrera familiak eta komunitatearen indarra
Hirurek Goierriko jendearen abegikortasuna azpimarratu dute, eta baita familien eskuzabaltasuna ere. Etxeko gazteekin eta familiekin hona eta hara ibili dira, inguruko bazterrak eta euren bizimodua ezagutzen. “Polita da jendea hemen nola bizi den ikustea, beraien bizimoduan sartzea bete-betean, eta beraien ordutegi eta zereginetan”, adierazi du Chiramberrok.
Shirtcliffen gauzarik gustukoena “euskal komunitatea zein bizirik dagoen” aurrez aurre ikustea izan da: “Nire harrera familia Mutiloan bizi da, bertako festak izan ziren eta sagardoa zerbitzatzen, garbitzen eta antolatzen aritu ziren. LGTBI komunitatearen Harrotasun Eguneko manifestazioa izan zen Lazkaon, eta harrera-ahizpak esan zidan antolatzen lagundu zuela. Mundu guztia oso engaiatua dago komunitatean”.
Estatu Batuetan komunitate kultura izatea askoz nekezagoa dela iruditzen zaie, herri eta hirien biztanle kopurua, tamaina eta sakabanaketa dela eta. “Euskal Herrian jendea plazan elkartzen da, edo umeak plazan jolastera bidaltzen ditu. Ekintza asko komunitatean oinarrituak daude, eta kalean egiten dira. Beren tokia dela sentitzen dute. Zure inguruan bizi den jendea aurkitu dezakezu, eta nahi dena egiteko askatasuna dago. Hori oso arrotza da, batez ere Estatu Batuetan. Uste dut halako espazio publiko irekiak ez direla existitzen. Nire hirian 100.000 pertsona inguru bizi gara, eta batzuetan umeak auzoan jolastera joaten dira edo parkean barbakoa egiten da, baina uste dut etxeen arteko espazioetako intimotasun informal hori hemen ematen dela”, azaldu du Shirtcliffek.
Euskalduna izatea diasporan
Bakoitzak esperientzia ezberdina bizi izan du euskalduntasunari dagokionez. Shirtcliffek etxekoak eta familiakoak zituen bere jaioterriko euskaldun bakarrak...
Artikulua osorik irakurtzeko GAZTEZULORATU edo GAZTEZULOko dendan eskuratu!