Euskal Encounter 19, asteburuan BEC-en

Euskal Encounter 19, asteburuan BEC-en https://www.gaztezulo.eus/albisteak/euskal-encounter-19-asteburuan-becen/@@download/image/20117205218euskal_encounter19_I.jpg
2012/12/13
berria
Euskal Encounter 19, asteburuan BEC-en
4.000 ordenagailu eta 6.000 bisitari baino gehiago 35.000 metro koadroko areto batean. Informatika zaleen topaketaren 19. edizioak Robotika atala dakar berrikuntza gisa, eta Gameguneko bideojoko lehiaketek pisu handiagoa hartuko dute.

Uztailaren 22tik 25era bitarte, ordenagailuen munduko zale eta profesionalek erreferentziazko elkargunea dute Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren. Antolatzaileek partehartze errekorra espero dute aurten, 6.000 bat bisitari.

Amu erakargarrienetako bat Gameguneko bideojoko txapelketa profesionaletan banatuko dituzten 22.500 euroak dira. 15 herrialdetatik 24 talde profesional helduko dira hona lehiatzera, munduko onenak dira eta guzti-guztiak Counter Strike 1.6 jokoan espezialduak. Iazko talde irabazlea –Suediako Fnatic– itzuliko da adibidez, eta, lehen aldiz, Arabiar Emirato Batuetatik ere hurbilduko dira beste bi talde. Partidak, gainera, Internet bidez jarraitu ahal izango dira munduko bazter guztietatik eta, aurreko edizioetan bezalaxe, aurten ere milaka jarraitzaile izango direla aurreikusten dute.

Opengunea, denentzat

Joan den urtean ekindako bideari jarraiki, Openguneak bertara hurbildu nahi duen ororentzat zabalduko ditu ateak. Stand ezberdinek osatutako erakustazokan punta-puntako produktu teknologikoak ezagutu eta, nahi izanez gero, erosteko aukera izango da.
Lehenengo egunean, enpresen eta Euskal Encounter 19 honetan parte hartzen dutenen arteko interakzioa sustatzera bideratuko dute Opengune hau.


Berrikuntza: Robotika


Robotikari buruzko esparrua da aurtengo berrikuntza nagusia, eta bertan antolatuko dituzten lehiaketak. Funtzio jakin batzuk betetzera bideratutako robotak programatu eta eraiki beharko dituzte partehartzaileek.