Etxetik lan egiteko 5 aholku

Etxetik lan egiteko 5 aholku Koronabirusak bulegoa etxean antolatzera eraman gaitzake; badakizu nola antolatu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etxetik-lan-egiteko-5-aholku/@@download/image/emprendedor-crear-empresa3.jpg
2020/03/09
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Koronabirusak bulegoa etxean antolatzera eraman gaitzake; badakizu nola antolatu?
Etxetik lan egiteko 5 aholku

Geroz eta gehiago dira koronabirusaren beldurrak eraginda etxetik lan egiten hasi direnak; zure enpresan neurri hori hartzeko aukera aztertzen hasi badira, izan argi etxetik lan egiteak denbora antolatzeko gaitasun handia eskatzen duela. Jarraian, zure lan jardunaz behar bezala arduratzeko 5 aholku!

1) ERRUTINA ANTOLATU: Ezinbestekoa da ordutegi finko bat zehaztea; bestela, dena azken unerako uzteko arriskua duzu. Onena, bulegoko ordutegia jarraitzea da; gorputza ohituta dago dagoeneko, eta errazago moldatuko zara. 

2) LANERAKO ESPAZIOA SORTU: Bulegora goazenean lan egiteko espazio batean sartzen gara, baina etxean lan egiterakoan muga hori bereiztea zailagoa da. Ezinbestekoa da etxean lan egiteko espazio hori sortzea; hala, zure produktibitatea hobea izango da, etxeko elementuek ez baitute zure arreta desbideratuko.

3) ZURE LANA GAINBEGIRATU: Antolakuntza bikaina eramatea beharrezkoa da etxetik lan egiterakoan. Egiten ari zarena gainbegiratu beharko duzu bulegoan zeundenean baino sarriago, inguruan ez baituzu inor akats posibleez ohartarazteko. Onena? Antolatzen lagunduko dizuten tresnak eskura izatea. Probatu adibidez Trello app-a, antolatzeko oso aproposa. Todoist eta Notion ere aukera onak dira. 

4) ARRETA MANTENDU: Etxean zaudenean, zailago egingo zaizu arreta mantentzea; tentazioak nonahi topatu ditzakezu. Badira mugikorra eta antzeko gailuak gure arreta eremutik aldentzeko tresnak; Serene app-ak esate baterako arreta galtzera eraman gaitzaketen mugikorreko app eta elementuak blokeatzen ditu. Bestalde, StayFocused-ekin, gure arretarentzat txarrak izan daitezkeen web orrietan pasatzen dugun denbora mugatu dezakezu.

5) 52/17 ARAUA BETE: Produktibitatea eta arreta mantentzeko ezinbestekoak dira atseden uneak. Horretarako, 52/17 araua probatu dezakezu; arau honek hauxe proposatzen du; 52 minutuz arreta maximoa mantenduta lan egitea, ondoren 17 minutuz atseden hartzeko, aulkitik jaikiz, zerbait jan edo edanez, pasiatuz... eta berriro arreta maximoarekin lanera bueltatzeko.