Etsaiak

Etsaiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etsaiak/@@download/image/18p10-1.jpg
2002/04/05
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Etsaiak
Etsaiak euskal musikaren errepidean dabiltzan talde beteranoetako bat da. Lekeitiarrak zakur zaharrak dira, eta beren betiko ezaugarriak esperimentazio bide berriekin nahastu dituzte, "Kaos" izeneko azken diskoan. GAZTETXULOk haiekin hitz egin du.

Zein berrikuntza dakarkigu "Kaos" diskoak?
Disko berri bat ateratzen dugun bakoitzean, onena dela esan ohi dugu, momentu horretan nahi dugun musika egin dugulako. Gure sormena kanporatu dugu, ideia berriekin, gure ostia txarra kaleratu eta eguneratu dugu. Musikan bilakaerak aurreko lan guztiak gainditzea dakar. Izan ere, disko bakoitzak bere garaia du.

Etsaiak-ek nahiko estilo jakina du, eta disko berri hau batzuetan punkiagoa eta besteetan lasaiagoa iruditu zaigu.

Kantuak denon artean konposatu ditugu eta nork bere ideiak eta eraginak ekarri ditu. Ekarpen horiek nahastuta, "etsaiak koktel kaotikoa" sortu da, guretzat ere definitzen zaila dena. Kantu batzuek, "Labankadak" abestiak esaterako, maketaren garaira garamatzate,"Bedar Maria", berriz, hip-hop-rap estiloaren barruan mugitzen da…

Perkusio piloa dago disko berrian, oso zaindua; baita skratx eta sanpler ugari ere...
"Kaos"en perkusioa, eskratxak eta samplerrak azken emaitza aberasteko erabili ditugu. Sanplerrak, adibidez, Toki-k egiten ditu platerekin, beste musika tresna bat izango balitz bezala, eta ate berri bat zabaldu digu, etorkizunari begira. Perkusioarekin edo ahal den moduan, beti da interesgarria musikak ematen dituen aukerei etekina ateratzea, mugarik gabe eboluzionatzeko, alegia.

Neskaren ahotsa bigarren mailan gelditu da oraingoan beste diskoekin alderatuta, ezta?

Izan liteke. Afrikak lau kantu abestu ditu, leloetan gehienbat. Bere ahotsak ematen digun ukitu melodikoa atsegin dugu, baina beharbada aurreko diskoetan baino zertxobait gutxiago agertzen da. Afrikaren ahotsa, dena den, asko eskertzen dugu, Etsaiak-en musika eta mezua zabalago egiten du eta. 

Txalapartari tratamendu berezia eman diozue. Zergatik?   
     
"Trintxerako doinuak" kanturako Zumarragako Anjel eta Uli txalapartariak gonbidatu genituen. Bi lagun hauek aspalditik ari dira egurrekin esperimentatzen, eta kantu honetarako sei egurreko txalaparta egin zuten. Kantuan txalapartak melodia bat sortzen du, eta zati batean, estudioko filtro batzuetatik igaroarazi eta modulazio aldaketak eta beste erokeria batzuk egin genizkion. Horrekin antzinako soinuak eta gaur egungo teknologia nahastu nahi genituen, eta horretarako ere, garai bateko bertso-triki disko zaharrak skratxeatu ditugu, irrintziak eta abar.

Nola ikusten duzue rockaren egungo egoera? Euskal Herrian ez al du indar pixka bat galdu?

Rocka baino gehiago jendearen eta kaleko ohiturak eta portaerak aldatu dira. Urte batzuetatik hona gizartea "europartzen" ari dela dirudi, eta beldurgarria da. Kontrako muturra, ordea, egungo gazteriak dakar; honen guztiaren aurka dago eta matxinatzen ari da. Gazteak dira beti rock-aren errebeldia gehien sentitzen dutenak eta kontzertuetan aurrealdean dantzatzen dutenak. Taldeek, edo guk behintzat, ahal dugun guztia ematen dugu, bai diskoetan eta baita taula gainean ere. Boterean dauden zakurrek rockaren osasuna kolokan jarri nahi dute, ez zaielako indar hau komeni. Gaur egun, inoiz baino gehiago, gure ohiturei eutsi behar diegu.

Hego Ameriketan ere plazaratzen dira zuen diskoak. Merkatu handia al duzue han?

"Enemigos del sistema, 1995" eta "Mugagabe-Sin fronteras, 1999" bildumak Illy Jocker Records disketxe mexikarraren eskutik argitaratu dira, eta D.F. hiriburuko El Chopo merkatu alternatibotik Hego eta Ipar Ameriketako herrialde askotara zabaldu dira. Disketxe honen taldeen artean Euskal Herriko zenbait ordezkari gaude. Garrantzitsua da hori, kontuan izanda euskal rocka Mexikoko punk mugimenduaren ikusmiran dagoela: Rip, La Polla, Eskorbuto edo Kortatu erreferentzia dira haientzat. 

Euskara muga al da zuentzat? Zer iruditzen zaizkizue Lin Ton Taun edo Gari bezalako musikarien kasuak?
Mexikon edo Kuban jo izan dugunean, jendeak gure kantuak euskaraz abesten zituen, eta pozik ikusi dugu euskara ez dela muga, mezuak munduan barrena zabaltzekorakoan. Munduko tribuen arteko elkartasuna hizkuntzen gainetik dago eta bada denok batzen gaituen ezaugarri bat: sistemaren kontrako borroka. Mezuak urrunago eramateko, beste hizkuntza batzuk erabiltzea, dena den, ez dugu gaizki ikusten.