Etorkizuneko kondoiak

Etorkizuneko kondoiak Hainbat enpresa dihardute lehian; kondoi praktikoagoak, sentikorragoak eta seguruagoak asmatzeko lasterketan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etorkizuneko-kondoiak/@@download/image/Kondoiak_2.jpeg
2017/08/03
erreportajea
Hainbat enpresa dihardute lehian; kondoi praktikoagoak, sentikorragoak eta seguruagoak asmatzeko lasterketan.
Etorkizuneko kondoiak

1855ean kautxuzkoak asmatu eta joan den mendeko 20ko hamarkadan latexezkoak produzitzen hasi zirenetik, kondoien diseinua ez da kasik aldatu.

Bill & Melinda Gates Fundazioak eginiko inkesta baten arabera, galdegindako gazteen %18ri puskatu izan zaie inoiz kondoia. %13ri irrist egin die koitoan zehar eta %17k erekzioa galdu dute kondoia jartzeko trantzean. Inkestari erantzun zioten gazte gehienek, bestalde, plazer txikiagoko harreman sexualekin lotzen dute kondoia.

Emaitza horientzako konponbide bat bilatu nahian, Bill & Melinda Gates Fundazioak berak kondoia berrasmatzeko ideia txapelketa bat antolatu zuen 2013an. Orotara, 800 proposamen jaso zituzten, baina soilik bik eraman zuten 100.000 dolarreko lehen saria.

 

AUKERA POSIBLE BATZUK

2013 hartan saritutako proposamen horietako bat latexezko gomei grafenoa gehitzean datza, HLL Lifecare konpainia indiarrak egin zuen eta ideia garatzen ari dira oraindik. Karbonozko material hau altzairua baino 200 aldiz indartsuagoa da, baina atomo bakarreko lodiera du eta izugarri elastikoa eta malgua da. Enpresa hau bera kondoi biodegradagarrien prototipoak ere garatzen ari da.

Bill & Melinda Gates Fundazioak finantzatutako bigarren proiektuak polietilenoan du jarria itxaropena. Kaliforniako Essential Access Health zentruak esku artean duen material hau “gardena, usaingabea, hipoalergenikoa, latexa baino bost aldiz meheagoa baina askoz ere indartsuagoa” da.

Praktikotasuna bilatzen, kondoia jartzeko behar izaten den denbora tartea minimizatzeko, Willem van Rensburg-ek ‘Rapidom’ diseinua proposatu zuen orain urte batzuk: mugimendu bakar batekin bilgarria kendu eta kondoia erabiltzeko prest!

 

Bestalde, Australiako Queensland unibertsitatean Ozeaniako landare autoktono batetik ateratako nanozelulosa aztertzen ari dira, orain arte itsasgarri edo kola modura erabilia izan dena. Orain arte, lodiera %30 jaitsita, presioa %20an igota eta bolumena %40 handituta erresistentzia hobetzea lortu dute.

Azkenik, Txikagoko Northwestern unibertsitateko Patrick Kiser ikertzaileak mukosa biologikoak ditu jopuntuan eta hauen ezaugarriak imitatuko dituen polimero berri bat aurkitu nahian dabil. Erabiltzaileek kondoia ez sentitzea da bere helburua.