Etorkizuneko argazki kamera

Canon etxeak etorkizuneko argazki kamera izan daitekeenaren prototipoa aurkeztu du: Wonder Camera. Proposamen iraultzailea da, batez ere bere lentea makro objektibo bat edota 5.000 mm-ko teleobjektibo bat ordezkatzeko gai delako, optikak aldatzen ibiltzeko beharrik gabe. Panoramika zabalena, punturik urrunenari edota hurbileko elementurik txikienari argazkia egiteko gaitasuna du, hortaz. Botoirik ez, eta ukimen pantaila laua du. Gainera, irudi estatikoak harrapatu ordez, Wonder Camera honek bideo laburrak grabatzen dituela azaldu dute sortzaileek; ondoren, etxean, egileak fotograma perfektua aukera dezan.