Etorkinak eta gizarte prestazioak

Etorkinak eta gizarte prestazioak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/etorkinak-eta-gizarte-prestazioak/@@download/image/2012219600mikel_1360858345.jpg
2012/02/03
erreportajea
Mikel Mazkiaran. Gipuzkoako SOS Arrazakeria
Mugak taldeak, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren baitako ikerketa taldeak etorkinek zerbitzu eta prestazioetara duten sarbidea neurtzea helburu zuen lana argitaratu berri du. Honetan partaide eta lankide izan gara Maitane Arnoso, Ainara Arnoso, Silvana Luciani, Adriana Villalon, Aizpea Otaegi eta ni neu. 2008 urtean Arartekok eskubide ekonomiko eta sozialen titulartasunari buruzko azterketan aurrera egiteko asmoz eman zuen beka baten emaitza da.

Eskubide horiek baliatzeko dauden oztopoek larriagotu egiten dituzte gizarte bazterkeriazko egoerak, zaildu egiten dute pertsonek gizartean eta ekonomian parte hartzea eta giza eskubideez gozatzea. Azterlan honek badu alde on bat: pertsonei aitortutako eskubide sozialak aztertzen ditu, eta egoera administratiboaren eta jaioterriaren arabera, lurralde berean bizi diren pertsonen artean dauden ezberdintasunak jartzen ditu agerian. Lortutako emaitzak ez datoz bat zirkulu batzuetan nagusitzen den diskurtsoarekin.

Izan ere, diskurtso horrek sinestarazi nahi du etorkinek bertakoek baino gizarte prestazio eta zerbitzu gehiago jasotzen dituztela. Egiazkotasunik ez duen baieztapen hori guztiz bidegabea da ikerlan horrek zehazten duen oraingo araudia ikusita, eta aurrez aurre gezurtatu beharra dago, ez osagai xenofoboa duelako bakarrik, baizik eta eskubide sozialak zabaltzea eragozten duen traba ere badelako, eta horrela, lehen adierazi dudan bezala, giza eskubideak betetzea eragozten duelako.

Beraz, azken gogoeta gisa, hiru erronka proposatzen ditugu etorkinek gurean gizarte zerbitzuak jaso ditzaten:

Batetik, moldagarritasuna. Gizarte zerbitzuak etorkinek dituzten arazo berezi eta zehatzetara moldatu beharra dago. Azken batean, berdintasuna eta ekitatea bateratu behar dira.

Bestetik, pedagogia. Gogoeta honen hasieran aipatu dugunez, jendartean finkatuta dauden estereotipo eta aurreiritzi jakin batzuk desegitea da herri erakundeen erronka.

Baina, hirugarrenik, kontuan hartu behar dugu arestian aipatutako guztia ez dela nahikoa erakundeek ongizate estatua indartzeko apustu argia egiten ez badute, are gehiago krisi ekonomiko latza bizi dugun garai honetan.