Eta poliziak harrapatzen bazaitu?

Eta poliziak harrapatzen bazaitu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-poliziak-harrapatzen-bazaitu/@@download/image/peta.jpg
2006/07/07
erreportajea
Julen Azpitarte
Parranda giroan, gero eta normalagoa bihurtzen ari da legez kanpoko drogak kontsumitzea. Bestalde, drogak kontsumitzeaz gain, bada ez legezko drogen salerosketan aritzen denik ere. Kontua da, oso gazte gutxik ezagutzen dutela legea, eta zigorrak ez direla txantxetakoak izaten.

Gaurkoan, legez kanpoko drogez ariko gara. Baina argi gera dadila: ez gara drogen kalitatearen edo kontsumoaren maiztasunaren aferan sartuko. Era berean, ez gara drogen kontsumoak eragin ditzakeen ondorio kaltegarrietan, eta are gutxiago, drogei "bai" edo "ez" esan behar ote zaien, betiko eztabaida horretan, murgilduko. Kontu horiek hurrengo baterako utziko ditugu.   

Gaurkoan zigorrez ariko gara: drogen kontsumoak eta trafikoak eragin ditzaketen zigorrez. Izan ere, sarritan, gazteok ez dugu jakiten drogen kontsumoak eta trafikoak nolako zigorrak ekar ditzakeen. Konfiantzazko gameluarengana jo, gramoa eskuratu, poltsikoan sartu, eta parrandarako prest! Eta poliziak atzematen bagaitu? Kaiolara eramango gaituzte? Zenbat denbora egon gaitezke atxilotuta?

Horrelakoei erantzuten saiatu gara. Izan ere, informazioa funtsezkoa da alor honetan ere. Askagintza erakundera  (www.askagintza.com) jo dugu horretarako. Ondo-ondo irakurri ondorengoak.

Kontzeptu nagusietako batzuk



Espainian, 1995eko Zigor Kodeak arautzen du drogen kontsumoa eta trafikoa. Bi zigor mota daude: zigor penala eta zigor administratiboa.

-Zigor Penalak diru-isuna eta kartzela-zigorra dakartza.
-Zigor administratiboak espetxe-zigorrik ez dakar, ezta aurrekari penalik ere: diru-isuna, gidatze baimena izateko eskubidea galtzea, eta atzemandako substantziak kentzea dira zigor administratiboetako batzuk.

Noiz ezar diezagukete zigor penala, eta noiz administratiboa? Nagusiki, atzeman diguten droga motaren araberakoa da zigorra, baina atzemandako droga-kopuruak ere zeresana du horretan. Espainiako legeak bi droga mota bereizten ditu:

-Osasunari “kalte arina” eragiten dioten drogak (kanabisaren eratorriak).
-Osasunari “kalte larria” eragiten diotenak: anfetaminak, speeda, kokaina, LSDa eta abar. Alkohola eta tabakoa ere “kalte larria” eragiten duten drogak kontsideratzen dira, baina legezkoak dira.  

Zigor administratiboa



Zigor administratiboak ondoko egoerak arautzen ditu:

-Legez kanpoko drogen kontsumoa, bai bide publikoan baita etxebizitza pribatuan ere. Miatze kasuan, autoa ez dute toki pribatutzat hartzen.


-Kalean, norbait bere kontsumorako droga kantitate batekin atzemanez gero, falta edo akats-zigor gisa hartzen da. Debekatuta dago kalean droga kontsumitzea, baita baita soinean edukitze soila ere.

-Era berean, toki publikoetan, droga kontsumitzeko erabilitako tresnak ere zigor arrazoi dira: erretzeko papera, katxinbak...

-Zigor administratiboen kasuan, 300,51-6.010,00 euro bitarteko isunak ezar ditzakete. Normalean, substantziaren batekin harrapatuz gero, 450,00 euro baino gutxiagoko zigorrik ez dute inoiz ezartzen, edozein dela ere, drogarekin harrapatu gaituen polizia: Udaltzaingoa, Ertzaintza, Espainiako Polizia, Guardia Zibila…

Nolako droga, halako zigorra


Zigorrei dagokienez, bi droga mota bereizten ditu legeak: “osasunari kalte arina” eragiten dioten drogak, eta “osasunari kalte larria” eragiten diotenak. Droga motak zigorra baldintzatuko du:

-“Osasunari kalte arina” eragiten dioten substantzien trafikoa 1-3 urte bitarteko espetxe-zigorraz zigortzen du legeak. Horrez gain, ohikoa izaten da, atzemandako drogaren diru-balioaren bi halako isuna ordaindu behar izatea. Jende askok kontrakoa pentsatu arren, kanabisaren eratorriak talde honetan sartzen dira.

-“Osasunari kalte larria” eragiten dioten substantzien trafikoak 3-9 urte bitarteko kartzela-zigorra dakar, eta atzemandako drogaren diru-balioaren hiru halako diru-isuna. Talde honetako substantziak: heroina, anfetamina (speeda), estasia, LSDa, barbiturikoak eta kokaina. Orain arte, ketamina, GHBa, psilocybe onddoak eta mongiak ez dira legez kanpokoak izan, alegalak baizik.

Dena den, droga mota batekoa edo bestekoa izan, jakin ezazue legeak gogor zigortzen duela “garrantzi handiko droga kopuruen” trafikoa. Legeak ez du kopururik zehazten, baina “garrantzi handiko” hori zer den jakiteko, aurrekari judizial asko dago: kilo bat haxix, 3 kilo marihuana lehor, 120 gramo kokaina, 60 gramo heroina, eta LSD, 200 extasi edo anfetamina dosi… 

Zigor penala


-Delitu penala diru-isunaz eta kartzela-zigorraz zigortzen du legeak.

-Nazioarteko zerrendan sailkatutako substantzia psikotropikoak, toxikoak edo estupefazienteak elaboratzea, ekoiztea, landatzea eta trafikatzea delitu-penala da.

-Halaber, legeak delitutzat jotzen du drogen kontsumoa “erraztea” eta “sustatzea”.

Baina, zer esan nahi du “sustatze” edo “errazte” horrek? Besteak beste, ondoko jokabideak zigortzen ditu legeak:

-Dohakotasuna: droga dohainik ematea; alegia, lagun bati, ordainean ezer eskatu gabe, porro bat ematea delitua izango litzateke.

-Permuta: esaterako, marihuana haxixaren truke aldatzea, edo bestelako trukeak egitea.

-Bitartekari lanak: saltzailea eta eroslea harremanetan jartzea.

-Drogak kontsumitzea edo norbere kontsumorako edukitzea ez dira delitu penalak; baina horrek ez du esan nahi, administratiboki zigortuta ez daudenik.    

-Ez dago zehaztuta, norbanakoaren kontsumoaren eta droga-trafikoaren arteko muga non dagoen. Batek baino gehiagok, ezusteko latzen bat hartu izan du bi kontzeptu lanbrotsu horiek nahastuta.

Oharra



Ipar Euskal Herrian droga kontsumoa arautzen duen legea, Hego Euskal Herrian indarrean dagoen legearen oso bestelakoa da. Hori dela eta, bi errealitateak bereiztea erabaki dugu. Ondorioz, erreportaje honetako kontuek Hego Euskal Herrirako balio dute soilik. Hurrengo zenbaki batean, Ipar Euskal Herriko egoeraren berri emango dizuegu.

Jakin beharrekoak



-18 urte beherakoei ez zaie Zigor Kodea ezartzen. Adin txikikoak droga kontuetan harrapatuz gero, bestelako "neurriak" aurreikusten baititu legeak: adin txikikoentzako zentroetan sartzea, droga mendekotasuna tratatzeko zentroetan sartzea, eta abar.
-Zigor penala ezartzen duten bakoitzean, ez dute espetxe-zigorra betearazten; zenbaitetan, espetxearen ordezko aukerak izaten dira.
-Ez dago zehaztuta, norbanakoaren kontsumoaren eta droga trafikoaren arteko muga non dagoen. 25 gramo haxix (eguneko 5 gramo), eguneko koka gramo bat, bi pilula-gramo eguneko... norbanakoarentzat izan daitezke.
-Soilik delitu penala dela-eta salatu zaituztenean atxilotu zaitzakete.
-Komisarian, galdeketarako beharrezkoa den denboran eduki zaitzakete soilik: drogekin loturiko egoeretan, gehienez 72 ordu dira.
-Komisarian, deklaraziorik ez egiteko eskubidea duzu. Defentsako abokatuak bertan egon behar du.
-Hala bada, komenigarria izaten da norbere burua "ohiko kontsumitzaile" deklaratzea, eta hori egiaztatuko duen ile analisia egin diezazuten eskatzea.
-Marihuana landatzeagatik atxilotu bazaituzte, lehor dagoenenean pisatu behar dute substantzia, eta lurra, sustraiak, zurtoinak eta bestelako materialak kenduta. 250 grano baino gutxiago pisatuko balitu, zigor administratiboa legokioke (norbanakoaren kontsumoa).
-Atzerrira bidaiatu behar izanez gero, gaiaren inguruko informazioa jasotzea komeni da:  www.askagintza.com.