Eta orain, zer?

Eta orain, zer? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-orain-zer/@@download/image/35p20-1.jpg
2003/11/07
erreportajea
Orreaga Aranburu
Eta orain, zer?
Oraindik asko dira antisorgailu egokiak erabili gabe sexu harremanak izaten dituzten gazteak. Ondorioetako bat: nahigabeko haurdunaldiak.

Antisorgailu aukera zabala egon arren, oraindik nahigabeko haurdunaldi asko gertatzen dira. Une gogorrak izaten dira gazteentzat: neskari hilerokoa ez datorkiola konturatu, haurdunaldi froga egin, erantzuna atera bitarteko tentsioa… Batzuetan, hileroko falta susto bat baino ez da izaten, baina beste batzuetan haurdunaldi frogak baiezkoa ematen du, eta erabakia hartu behar da: haurra izan edo ez.

Haurdunaldiak etetea lege aldetik garai batean baino errazagoa den arren, gaur egun oraindik, batez ere Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan klinika pribatuetara joan behar da. Euskal Herrian badaude abortuak egiten dituzten sexu osasunerako klinikak. Askabide da horietako bat.

Antisorgailu egokirik ez erabiltzeagatik

Askabiden, egindako azken 5.000 abortuetan hainbat faktore ikertu dituzte: adina eta haurdunaldia zergatik gertatu den, besteak beste.

Adinari dagokionez, abortatzen duten emakumeen hiru laurdenak 30 urtetik beherakoak dira. Nahigabeko haurdunaldien %20 21 urtetik beherakoen artean gertatzen da, eta %32 21 eta 25 urtekoetan.

Gehienak antisorgailu egokirik ez erabiltzeagatik gertatzen direla esan digu Askabideko sexologo Luis Elberdinek. Nahigabeko haurdunaldien %39, adibidez, 'atzerako martxa' erabilita gertatu dira. Elberdinen esanetan, "bikote askok uste dute, mutilak hazia bota baino lehen zakila ateratzen badu, ez dagoela haurdun geratzeko arriskurik. Baina ez da hala; isuri haurretik ere espermatozoideak ateratzen baitira". Kasuen %26 Ogino metodoa jarraituta gertatu da haurdun —hau da, emankortasun egunak kontuan hartzen dituen meto-doa—. Nahigabeko haurdunaldi bat dela eta Askabidera joandako bikoteen %22k ez du inongo metodorik erabili. Beste batzuetan —%6,15— metodoa gaizki erabili dute.

Batera bizi diren bikoteetan, gutxiago

Nahigabeko haurdunaldia izan duten bikoteak elkarrekin bizi ote diren ere aztertu dute Askabiden. Abortua egitera joaten diren bikoteen %72 ez da elkarrekin bizi, eta %28 bai. "Irakurketa bitxia ematen du datu honek. Alde batetik, pentsa liteke etxerik ez duten eta batera bizi ez diren bikoteek, sexu harremanak izateko aukera gutxiago dutela , eta ondorioz, haurdun geratzeko arrisku txikiagoa dutela. Dena den, datuek erakusten dute ez dela horrela. Kontua da, batera bizi diren eta harreman egonkorragoak dituzten bikoteek neurri egokiak hartzen dituztela. Sexu harremanak gutxiagotan dituztenek, berriz, uste dute ez duela neurriak hartzea merezi. Ondorioz, larrua gutxien jotzen dutenen kasuan arrisku gehiago egoten da", azaldu digu Elberdinek.

Klinikan

Abortatzea erabakiz gero, sexu osasun klinikara lehenbailehen joatea komeni da, bestela zailtasunak areagotu egiten baitira. Gainera, hamazazpi astetik aurrerako amenorrearekin —azken hilekotik pasa den denbora— Euskal Herritik kanpo egiten dira abortuak, Katalunian, adibidez.

Klinikara lehen hiru hilabeteetan joanda, anestesia lokalarekin egiten da abortua. Ordu erdi batean prestatu (ekografia, anestesia…), eta bi minututan xurgaketa egiten da, gomazko kanula batekin. Ondoren, minutu batzuetan atsedena hartu eta etxera joan daiteke emakumea.

Lehen hiru hilabeteetatik aurrera, berriz, goiz osoa eman behar da klinikan, abortua zailagoa delako.

Bi kasuetan, abortuaren ondoren, hainbat neurri hartu behar dira. Lehen bi asteetan, bainua hartu beharrean dutxa hartu behar da, eta hilabete batean ezin dira zakil sarketa dakarten harremanak izan. Bestalde, odol isurketa izaten da hurrengo egunetan, eta konpresa erabili behar da, ezin baita tanpoirik erabili. Azkenik, abortua egin eta bi astera, azterketa ginekologikoa egiten da, umetokia garbi dagoela baieztatzeko.

Gazteak guraso

Badira ezustean haurdun geratu arren, azkenean haurdunaldiarekin aurrera jarraitzea erabakitzen duten bikoteak ere. Hala, guraso bilakatzen dira hainbat gazte. Beste hilabete batean kontatuko dizuegu haien esperientziaren berri.
Hala ere, badakizue, haurra izan edo ez erabaki beharrean ibili nahi ez baduzue… Argi ibili eta txapela (edo bakoitzak nahi duen antisorgailua) erabili!

Ezustekorik ez izateko



Kondoiak: Antisorgailurik eskuragarrienak dira eta hazia sartzea oztopatzen dute.

Hormonak
: Pilula egunero hartu behar da. Baginako-eraztuna hilabetean behin sartzen da baginan, eta pixkanaka askatzen ditu hormonak. Partxea azalean jartzen da, eta azalak hormonak xurgatzen ditu Astero aldatu behar da. Hiru kasuetan lehen dosia hilekoaren lehen egunean hartu behar da, eta ginekologoak agindu behar du. Hiru astez erabili eta laugarrenean atseden hartu behar da.

DIUa Ginekologoak sartzen du umetokian eta bost urtez eramaten da.Bestalde, sexu harremanean istriputxoren bat gertatzen denerako (kondoia apurtzea edo…) Biharamuneko Pilula da irtenbidea. Hala ere, argi utzi behar da kasu jakin baterako irtenbidea dela, hormona deskarga handia duelako. Beti ere, harremanaren osteko lehen 72 orduetan hartu behar da. Zenbat eta lehenago hobe.

Abortuari buruzko legeak Euskal Herrian


Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan
1985 arte abortua zigortua zegoen. 1985ean, berriz, hainbat kasutan haurdunaldia etetea baimentzen zuen legea onartu zen. Hiru kasutan abortatu daiteke zigorrik jaso gabe: bortxaketa kasuan, haurra izateak emakumearen osasun psikikoa zein fisikoa arriskuan jartzen duenean eta umekiak arazo larriren bat duenean. Osasun psikikoa da aborturik gehienetan erabiltzen den arrazoia.

Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa
1975ean legeztatu zen abortua. Lege honek ez ditu haurdunaldia eteteko arrazoiak kontuan hartzen. Ernaldiko lehen hiru hilabeteetan, eragozpenik gabe aborta dezake hala nahi duen emakumeak.