Eta orain, zein norabide?

Eta orain, zein norabide? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-orain-zein-norabide/@@download/image/51p18-1_1366808221.jpg
2005/04/01
erreportajea
Olatz Lasabaster
Amaitu dituzu ikasketak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu duzu, eta buruan betiko galdera duzu bueltaka: eta orain, zer egingo dut nik? Batxilergoa hautatuko dut, gerora unibertsitatera joateko? Edo Lanbide Heziketa? Eta hezkuntza ez arautuaren bidea hartuko banu? Hona hemen hainbat datu, galdera hauei erantzun ahal izateko.

Batzuek oso garbi izaten dute zer egin nahi duten. Beste batzuentzako, ordea, buruhauste bat baino gehiago ekartzen du egoera honek. Hamasei urteak beteta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu berritan… beste pauso bat emateko garaia baita.

Lan munduan zuzenean sartu nahi ez baduzu, eta ikasten jarraitu nahi izanez gero, arautu gabeko hezkuntzaz aparte, bi aukera dituzu: Batxilergoa edota Lanbide Heziketaren bidea hartzea.

Batxilergoa aukeratzen baduzu, Batxilergoko titulua lortzeko egin beharreko probaren ondoren, unibertsitaterako bidea har dezakezu, edo bestela, Lanbide Heziketa egin. Kasu honetan, Goi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko aukera izango zenuke.

Unibertsitatera joanez gero, hiruzpalau urte eman beharko dituzu titulua lortu ahal izateko. Lanbide Heziketa aukeratzekotan, aldiz, urte eta erdi edo bi urtetan, esku artean izango duzu titulua.

Hego Euskal Herrian, gero eta gazte gehiagok aukeratzen dute Lanbide Heziketa. Lanbide heziketan ari diren gehienek, ikasketak amaitu eta berehala topatzen baitute lana. Gainera, Lanbide Heziketan, urte gutxiago eman behar dira ikasten. Bestalde, alor honetan praktikak ere gehiago izaten dira: formazio teorikoa ematen da, baina praktikari garrantzi handia ematen zaio. Izenak dioen moduan, lanerako hezten zaituzte.

Lanbide eremu baten ezaguera tekniko-praktikoak lantzen dira Lanbide Heziketan, helburua zera baita: ikaslea gizartean eta enpresetan eskaerarik handiena eta etorkizunik hoberena duten lanpostuetarako prestatzea.

Heziketa ziklo bakoitzean, bi ikasturtetan banatuta, 1.300 eta 2.000 ordu ematen dira. Horietatik, 400-600 ordu inguru, lantokietan egindako derrigorrezko praktikei dagozkie. Lanbide Heziketa eginez gero, 22 arlotan taldekatutako 140 agiri baino gehiago daude aukeran

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, ikasten jarraitzen duten gazteen %47k aukeratzen du Lanbide Heziketa, duela lau urte baino %5 gehiago. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ustez, aurrerantzean hazkunde hau orekatu egingo da.

Nafarroan ere, azken urteotan, gero eta gazte gehiagok aukeratzen dute Lanbide Heziketa. Hain zuzen, Nafarroan bilakaera azkarragoa izan da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan baino. 2003-2004 ikasturtean, ikasleen %59k Lanbide Heziketa aukeratu zuen. 2002-2001 ikasturtean, kopuru hori %30 baino ez zen. Igoera  %29koa da, beraz.

Bistan denez, Nafarroan asko hazi da bataz bestekoa. Gainera, lana lortzea erraza izaten omen da ikasketak amaitu ondoren. Nafarroako gobernuaren datuen arabera, Lanbide Heziketa egiten duten ikasleen %90ak lan kontratua lortzen du ikasketak amaitu ondorengo lehen urtean.

Dena den, Europan hemen baino altuagoa da Lanbide Heziketa egiten duten gazteen portzentajea: frantziar estatuan %63 dira, eta Alemanian %70. Lanbide Heziketa aukeratzen ez duten gazteek, unibertsitaterako bidea hartzen dute, arautu gabeko hezkuntzara jotzen dute, edo lanean hasten dira.

Unibertsitatean, ingeniaritza errege

Unibertsitatean, ingeniaritza da gehien hautatzen den karreratako bat; mekanika berezitasunean ingeniari teknikoa izateko ikasketak, hain zuzen.

Mondragon Unibertsitatean, ikasle gehienek ingeniaritza ikasketak egiten dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere, ikasle gehien dituen fakultateetako bat da ingeniaritza fakultatea.

Euskal Herriko Unibertsitatean beste hainbeste gertatzen da: ingeniaritza industrialarekin lotutako ikasketek dituzte ikasle gehien, Deustuko unibertsitatean bezalaxe.

Nafarroako unibertsitatean, ingeniaritzarekin batera, ikasle gehien dituzten ikasketak erizaintza eta haur hezkuntza dira. Euskal Herriko Unibertsitatean, ingeniaritza industrialaz gain, enpresaritzak, psikologiak, arte ederrek eta kazetaritza ikasketek dituzte ikasle gehien.

Euskaraz ikasteko aukera

Baina, euskaraz egin al daitezke ikasketa horiek guztiak? Ez: guztiak ezin dira euskaraz egin. Mondragon Unibersitatean, adibidez, ikasketen %80 euskaraz egin daitezkeen arren, gehien egiten diren ikasketen (mekanika berezitasunean ingeniari teknikoa) hiru mailetatik, soilik lehenengo bi mailak egin daitezke euskara hutsez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan egoera kaskarragoa da: haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako ikasketak egin daitezke euskara hutsean, baina gainerakoetan, ez da horretarako aukerarik; soilik ikasgairen bat edo beste egin daiteke.

Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketa gehienak egin daitezke euskara hutsez, baina badira hutsune nabarmenak ere. Kimika, medikuntza eta arte ederrak, adibidez, ezin dira euskaraz amaitu.

Bestalde, horretarako aukera izanda ere, EHUn maiz gertatzen da hautazko ikasgaiak bi hizkuntzatan ez ematea. Horrelakoetan, bi aukera ditugu: gustuko ikasgaia ez egitea -gazteleraz egitera behartuta gaudelako-, edota gustukoa egitea -euskaraz ikasteari uko eginda-.

Deustuko unibertsitateko campusetan, euskararen presentzia handitzen ari da. Egun, giza zientzietako titulazioetan %50 eman daiteke euskaraz, enpresa eta komunikazio ikasketetan, hain zuzen. Gizarte-lan eta turismo ikasketetan, ikasgai batzuk eman daitezke euskaraz, eta %33 enpresen administrazioan eta zuzendaritzan.

Lan merkatuari begira

Hau guztia ongi dago, baina gerora, zein aukera dugu lana topatzeko? Adibide gisa, Nafarroako datuak azter ditzakegu. Lanbide Heziketa egiten duten hamar pertsonetatik bederatzik, lana aurkitzen dute ikasketak bukatu eta lehen urtean. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasten dutenen kasuan, aldiz, erdiak baino ez du hori lortzen.

Hauek guztiak datuak besterik ez dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu ondoren,  ikasten jarraitzeko asmoa baduzu, zurea da aukera. Dena ongi pentsatu, eta gustuko aukera egin ezazu!

"Dena alde nuen, egindako aukera egiteko"



Batzuek, hasieratik garbi izaten dute zer egin behar duten, eta horixe izan zen Maialen Acero gaztearen kasua. Maialenek bazekien itzulpengintza ikasi nahi zuela, eta horretarako, unibertsitateko eta Gasteizko bidea hartu beharko zuela. Hain zuzen, maleta eta liburuak hartuta, Donostiatik Gasteizera egin zuen. Maialenek ez du damurik, eta gustura dabil ikasle bizitza egiten. Berarekin aritu gara, unibertsitatean hasi aurreko garaiaz kontu-kontari.

Batxilergoa amaitzerakoan, hasieratik argi al zenuen unibertsitatera joko zenuela?
Nahiko argi nuen zer ikasi nahi nuen, eta ikasketa horiek unibertsitatean besterik ez daudenez, ez nuen zalantzarik izan.

Zergatik aukeratu zenuen itzulpengintza?
Hizkuntzak betidanik gustatu zaizkit, baina ez filologiaren bat egiteko moduan. Ez nuen hizkuntza bakarra ikasi nahi, eta horren aurrean, itzulpengintza aukera ezinhobea zen. Urtarrila aldera, zalantzak izan nituen itzulpengintza eta historia egitearen artean. Orain, ez naiz damutzen.

Zeri begiratu zenion ikasketak aukeratzerakoan?
Esan bezala, hizkuntzak asko atsegin ditut, eta karrerari buruz ere ondo hitz egin zidaten. Gainera, itzulpengintza ikasita, lana lortzeko aukera izango nuela esan zidaten. Dena alde nuen, beraz.

Lanaren kontuari ere begiratu al zenion?
Gehienbat gustuko nuelako aukeratu nuen, baina bai, lana egiteko aukerari ere begiratu nion.

Non eta zertan lan egingo zenuke?
Bat-bateko itzultzaile izatea gustatuko litzaidake, baina gauzarik zailenetakoa dela esan didate. Idatziak itzultzea ere gustuko dut… auskalo non bukatuko dudan!

Erraza ikusten duzu ikasketak amaitu, eta berehala lana aurkitzea?
Lan ugari omen dago, baina... seguru asko, hasieran ez da erraza izango.

"Aukera asko bazterrean"



Hainbat erakunde publiko eta pribatuk Nazioarteko programak eskaintzen dituzte, ikasketak atzerrian egin edo norbere curriculuma gure mugetatik kanpo garatzen laguntzeko. Hizkuntzak ikasteaz gain, esperientzia aberasgarriak izaten dira horrelakoen bitartez.

Gipuzkoa Donostia Kutxak, adibidez, Nazioarteko programak eskaintzen ditu Gipuzkoako gazteentzat. Hain zuzen, Kutxak 600 euroko 540 beka ematen ditu Erasmus programan esku hartzen ari diren gazte unibertsitarientzat. Programa horietan izena emateko epea maiatzaren bigarren hamabostaldian zabalduko da, gaztekutxaren web orrialdean: www.gaztekutxa.net.

Horrez gain, Socrates-Comenius bekak ere ematen dituzte, eta baita Leonardo bekak ere, atzerriko enpresetan praktikak egiteko. Aipatutako hauek aukeretako batzuk baino ez dira. Mugitzea eta azkar ibiltzea da kontua.

Euskera aurrera EHUn



Otsailean, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 25. urteurrena bete zuen. Urteurrena une ezinegokiagoa da euskarak EHUn izandako bilakaera aztertzeko.

1976-77 ikasturtean, EHUren Donostiako Kimika fakultatean ikasgai batzuk euskaraz ematen hasi zirenetik, asko aurreratu da euskararen alorrean Euskal Herriko Unibertsitatean.

Azken ikasturteotan, EHUn sartutako ikasleen %45 inguru elebidunak dira, nahiz eta gero, ikasle horietatik gehienek, ikasketak gaztelaniaz egiten dituzten. Orotara, EHUn ikasleen %32k ari dira euskaraz ikasten.

Dena den, aurrerapausoa begibistakoa da. Izan ere, 1988-89 ikasturtetik hona, 16 aldiz handitu da ikasketak euskaraz egiten ari direnen kopurua. Orain dela 17 urte, 968 ikasle ari ziren ikasketak euskaraz egiten (ikasleria guztiaren %2,4). Gaur egun, ordea, 15.781 lagun ari dira (ikasleriaren %32).

Titulazioei eta irakaslegoari dagokienez, oraindik asko dago egiteko. Lana badago, beraz. Hala ere, bidea egiten ari da.