Eta gurasoak muturka

Eta gurasoak muturka https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eta-gurasoak-muturka/@@download/image/31p34-1.jpg
2003/06/06
erreportajea
Guraso askorentzat festak kezka iturri dira. Zer demontre dute gurasoek festekin? Hona hemen zuetako askok datozen hilabeteetan entzun beharko dituzuenak. 

Zergatik atera behar da gauez?
Jaietan, gurasoen urteroko galdera: "Ezin duzue gauza bera egun argiz egin?".  Bai, egin egin daiteke, baina gaua gaua da. Eta kitto. Guk, gazteok, gogoko dugu eztabaidatzea, arrazoitzea... Argi dago, ezta?

Ez zaitez berandu etorri!

Baina, baina... zer da 'berandu'? Zer 'goiz'? Non dago muga? Sakonagoak izan behar dugu, ordea. Hauxe da gurasoei egin beharreko galdera: zer da denbora? Oso eztabaida interesgarria, benetan. Eta ez dugu dudarik zuen gurasoek gustura helduko diotela gogoeta filosofikoari.

Zurrutari buruzkoak

Etxetik atera baino lehen, "argi ibil zaitez zurrutarekin!". Eta bueltan, zeozer "arraroa" somatuz gero, "gehiegi edan duzu?" galdera erretorikoa. Izan ere, gurasoak oso kezkatuta daude alkoholarekin. Noski, beraiek ez dira inoiz mozkortzen, ezta gabonetako bazkari eta afarietan, hitz jarioari ezin eutsi, edonor lotsagorritzeko moduko txorakeriak esaten dituztenean ere.

Eta bestelako drogei buruzkoak

Nonbait, guraso guztiak rastafariak izan ziren garai batean Jamaikan: "Porro usaina duzu!". Marihuana edo haxixaren mundua ongi ezagutzen dutela ikusita, baten batek amari edo aitari landaketa egiteko aholkuak eskatzea pentsatu izan du. Okerrena da gurasoetako askok txirri bat edo beste erre zutela gaztetan, eta hori jakiteak irudimena lanean jar dezakeela eta irudi benetan penagarria ekar diezaiokeela edonori burura: aita edo ama, txirri bat egiten! Kontuz, burmuinean bizitza osorako iltzatuta geratzen diren irudi horietakoa da eta!

Tori, kondoia

Sexualitateari dagokionez, bi guraso mota daude. Batzuek, seme-alabek oraindik panpinekin jolastea beste zaletasunik ez dutela uste dute. Besteek, aholkulari-lagunarena egin nahi izaten dute. Aukeran, bigarrena nahiago. Portaera honek ez du ezer txarrik, noski, baina batzuetan ondorio bitxiak izaten ditu. Demagun, adibidez, jaietan, alabak edo semeak parrandan atera behar duela eta gurasoek kondoitxo bat eman diotela kalera atera baino lehen, "badaezbada ere".

Ziurrenik, gaztea lotsatu egingo da, lotsatzeko arrazoirik ez dagoen arren. Baina, kontua da ondoren buruari eragiten hasiko dela: "Kondoia eman didate. Beraz, gurasoek kondoiak dituzte. Beraz, kondoiak badituzte, erabili egiten dituzte. Beraz, erabiltzen badituzte, zerbait egiteko erabiltzen dituzte. Eta zerbait hori, ia-ia-ia seguru, sexua da. Beraz, gurasoek txortan egiten dute!!!!". Ufff! Oso-oso gogorra da. Baina egia omen da: gurasoek larrua jotzen dute.

Hau zarata!

Txosnagune ondoan bizi diren guraso koitaduek egunero —eta batik bat gauero— errepikatzen duten esaldia: "Eta zuri ere horrelako musika gustatzen zaizu?". Sarri, esaldiok egungo eta beraien gazte garaiko jaiei buruzko gogoeta nostalgikoez lagunduta etortzen dira. Badakizue: lehengo erromeriak, dantzaldiak, trikitixa... "Bai ederrak orduko festa haiek!". Eztabaida hau oso-oso aspaldikoa da, eta antzua, belaunaldi honek ez baitu konponduko mendeetan inork konpondu ez duena. Are gehiago, ziur egon zaitezte etorkizunean guk ere gauza bera esango dugula. Dena den, harrigarria da gero gurasoek txosnaguneko zarata dela-eta protesta egitea eta igandero, bake eta lasaitasun bila, futbol zelaira joatea!