Estresak literalki ilea urdintzen du

Hobe izango duzu arnasa sakon hartzea, estresak ilea urdinduko baitizu bestela. Azken ikerketa baten arabera estresa eta ile urdinaren artean harreman zuzena dago. Mitoa atzean geratu da beraz, egia da: estresak ilea urdintzen du, literalki.
Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera estresak batez ere azalean eta ilean eragiten du. Izan ere, azalak eta ileak estresarekin harremanetan jartzean euren konposizioan aldaketak sortzen dira.
Ikerketaren prozesuan gorputz sistemek estresa ilearekin lotzen zuela ikustean hasi ziren. Horrela, behatu zuten sistema nerbioso sinpatikoa zela gorputzean tentsioa sortzearen arduraduna. Ikerketaren arabera, nerbioak adarkatu egiten dira eta azaleko folikuluetara itsasten dira hauetan aldaketak emanez.
Behin hori lokalizatuta, erantzuna nahiko sinplea zela ikusi zuten. Dirudienez nerbioek norepinefrina kimikoa askatzen dute folikulu barrura. Behin bertan, kimiko hori pigmentua sortzen duten zelulek xurgatzen dute.
Pigmentuen ekoizle bezala funtzionatzen dute zelula hauek. Urtetan gure gorputzean erreserba moduan egoten dira eta ilea birsortzen denean soilik hartzen dute parte. Alta, nerbio sinpatikoek gehiegizko jarduera badute, hauek pigmentuarentzat ez dute erreserbarik uzten eta beraz, ilea urdin haziko zaigu.
Aurkikuntza honegatik orain badakigu garuneko neurona periferikoak gai direla zelulak kontrolatzeko eta beren jokabidean eragiteko, eta noski estresarekin jokabide jakin bat burutzen dutela. Aurkikuntza honek bidea ireki dezake jakiteko nola eragiten duen estresa beste organoetan eta horrela, honen eragina gelditu edo gutxitzen ikasi.