Estitxu Elduaien: "Nire buruari barre egiteko gaitasuna daukat"

Estitxu Elduaien: "Nire buruari barre egiteko gaitasuna daukat" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/estitxu-elduaien-quotnire-buruari-barre-egiteko-gaitasuna-daukatquot/@@download/image/54p56-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Estitxu Elduaien: "Nire buruari barre egiteko gaitasuna daukat"
Berria egunkariko Matraka gehigarriaren koordinatzailea da. Inazio, gure patrio handiaren habikoa da: Azpeitikoa. Estitxuk onartzen du pinpirinatik eta matrakatik, bietatik, zerbait duela. 27 urte. Virgo. Musika oro du gogoko, baina 80eko hamarkadakoa atsegin du gehien: Police… Kirolaria da, baina baita parrandazalea ere.

Arrunt laket dut: Lagunartean, umore onez, solasean aritzea.

Ez dut parean ikusi nahi: Deseroso sentitzen naizen giroetan egon beharra.


Lasaigarri zait: Bake pixka bat behar izaten dudanean, hondartzara hurbiltzea eta itsasoaren soinua entzutea.

Sutan jartzen nau: Gertaera injustuak ezin ditut jasan.


Gustura irakurri nuen: Xabier Montoia idazlearen "Baina bihotzak dio", ipuin motzez osatutako liburua.

Lo seko geratu nintzen irakurriaz: Iruñean, karrerako apunteak irakurtzen. Esnatutakoan, ez nekien non nengoen ere.


Bertutea: Nire buruaz barre egiteko gaitasuna daukat.

Akatsa: Asko. Agian, azkarregi haserretzen naizela, eta gauzei buelta gehiegi ematen dizkiedala.


Ametsa: Zoriontsua izatea.

Amesgaiztoa: Egunen batean, bakarrik sentitzea.


Barre algara eragiten dit: Gauza askok, zoro samarra bainaiz. Egoera surrealistek irribarrea eragiten didate.

Negargura ez dut urruti: Hunkitzerakoan. Amorruaz ere negar dezente eginda nago.


Urrea: Euskal Herrian, espetxea sufritu ondoren, aurrera egiteko kemena atera dutenei.

Ikatza: Boterean egon eta hitz polit asko esan arren, ezer gutxi egiten dutenei.


"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Ez naiz ate asko joa, baina komeni izan zaidanean, neronek jo izan dut. Duela hamar urte ezagutu nuen gaur egungo nire bikotekidea.

"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon". Kalabazak jaso beharra ere egokitu zait. Hala ere, gauzak seguru ikusi arte ez naiz arriskatu izan.


"Gazte gara, gazte, eta ez gaude konforme": Gazteok halakoak izan behar dugu; ni ere nahiko inkonformista naiz.

Zahartrosiak jotako gazte asko al dago? Bai, zenbaitetan gazteok espiritu borrokatzailea apalduta daukagula uste dut.


Hatzak zupatzen ditut: Txokolatea janez. Egunean bi ontza badira ere, jateko premia izaten dut.

Gogoko ez dudan jakia: Usainagatik edo, ezin ditut tripakiak ikusi.


Dirua ordainduko nuke: Neuretzat baino, inguruko bati ilusioa egingo liokeen zerbait emateagatik.

Ez nioke xentimorik ere emango: Gaizki erabiliko lukeen bati.


Azpeitiko saninazioetara joateko hiru arrazoi: Eskaintza zabala, parranda ziurtatua, eta jai giroan euskaraz egiteko aukera.
Ajeari aurre egiteko botika: Nik aurten ezinhobea daukat; festak bukatu eta biharamunean, Kubara joango bainaiz.