Espedizioa antolatzea… nolako abentura!

Espedizioa antolatzea… nolako abentura! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/espedizioa-antolatzea-nolako-abentura/@@download/image/53p46-1.jpg
2005/06/03
erreportajea
Orkatz Goenaga
Espedizioa antolatzea… nolako abentura!
Munduan barrena, kontaezinak dira gustura ezagutuko genituzkeen toki eta kulturak: goi lautadak, glaziarrak, gurekin zerikusi gutxi duten herri eta ohiturak, harkaitz eta menditzarrak…. horrelakoetara espedizio bat antolatzea abentura handia izaten da, egia esan.

Himalaia, Patagonia, Pakistan, Yosemite... horiek guztiak, eta beste asko, mugarri handiak izan dira mendizaletasunaren historian. Horrexegatik, ez da batere harritzekoa mendizale askok leku mitiko horietara joatearekin amets egitea.  

Hala ere, ametsak errealitate bihurtzea uste baino nekezagoa izaten da. Izan ere, leku horietara espedizioa antolatzeko, tokian tokiko administrazioek bisitariari ezarritako eskakizun eta baldintzak bete behar izaten dira. Gainera, toki batetik bestera aldatu egiten dira betebehar horiek, eta baita espedizioaren xedeen arabera ere -eskalada, alpinismoa, abentura…-.

Dirua nola lortu?

Lehenik, espedizioan joango den lagun taldea zehaztu eta nora joan nahi dugun erabaki behar da -espedizioaren helmuga, alegia-. Ondoren, dirua bildu beharko dugu.

Euskal Herrian mendizaletasunak indar handia du, eta urteetan zehar, hamaika espedizio antolatu dira. Gurean, jende asko ibili izan da mendi-espedizioak antolatzeko diru eskean, eta beraz, sosak biltzeko ideia batzuk jada ezagun samarrak zaizkigu: kamisetak eta metxeroak saltzea, festetan txosnak jartzea…
Horrekin batera, espedizioa antolatzeko dirulaguntzaren bat eman diezagukeen babesleen bila has gaitezke: marka komertzialak, udaletxeak, foru aldundiak... Gutxi gorabehera, 19.000-20.000 euro inguru bildu beharko ditugu.

Ditxosozko burokrazia

Dirua bildu ondoren, gure jomuga bihurtutako herrialdeko burokraziaz arduratu beharko dugu. Seguru asko, hori izango da lanik neketsuena, eta horrexegatik, lasai eta patxadaz egin beharrekoa da. Horrelakoetan, garaiz hastea komeni da, azken orduan ezustekorik izan ez dadin.

Adibidez, Himalaia mendikate erraldoian mendi bat edo beste aukeratzen badugu, herrialde batera edo bestera joan beharko dugu: India, Pakistan, Kaximira, Tibet… Garbi izan ezazue: bai Himalaian bai beste edozein bazterretan, tokian tokiko administrazioarekin moldatzen asmatu beharko dugula. Berriro ere, diru kontuetan murgiltzea tokatuko zaigu: adibidez, zazpi mendizaletako talde bat Everestera igotzeko, 7.600 euro ordaindu behar zaizkio Nepalgo Turismo Ministeritzari.

Himalaia inguruan, ugaria izaten da burokraziak eragindako paper-festa. Batetik, baimena eskatu ahal izateko, gomendio gutun bat bete behar da mendi taldearen edo federazioaren izenean. Baimen eskaera hori, eskarmentu eta igoera gehien dituen mendizalearen izenean jartzea komeni da.

Dena ondo prestatu behar

Burokraziaz gain, beste hainbat buruhauste ere izaten dira. Esaterako, materiala ongi aukeratu beharra dago: goi mendietako buzoa, kanpina, lozorroa, kranpoiak, pioletak, galtzerdiak... lehendik batere materialik ez badugu, 3.000 bat euro beharko ditugu gutxienez material egokiaz joateko.

Horrelakoetan, ez da komeni merkexurrean ibiltzea. Euskal Herrian bertan, negu partean, jabetu zaitezte Anbotoko magaletatik Pirinioetara dagoen jauzi ikaragarriaz. Beraz, pentsa nolakoa izan daitekeen jauzi hori Andeetara, Patagoniara edo Himalaia joanez gero… ez dago zalantzarik: material ona eraman behar da beti.  

Eta elikagaiak?

Demagun, hilabete bateko espedizioa egingo dugula. Aukeretako bat, elikagai liofilizatuak eta zekale-janari bereziak eramatea da. Aipaturiko jakiak oso egokiak dira, baina adituen arabera, bestelakoak eramatea ere komeni da: Idiazabalgo gazta, urdaiazpikoa, txerrikia, txokolatea, mermelada eta gurina, aurrez eginiko ohiko zopak eta jakiak… eta abar. Hala ere, pisu gutxiko jakiak izan beharko dute. Ondo ibili, lagunok!

Helbide elektronikoa


www.pyrenaica.com (euskaraz)
www.mounteverest.net (gazteleraz, laburtutako bertsioa)
www.k2climb.net (ingelesez)

Zabaleta Everesten: 25 urteurrena



1980ko maiatzaren 14an, Everesteko gailurrera heldu ziren Martin Zabaleta eta Pasang Temba sherpa. Hogeitabost urte joan dira, denoi oroitzapenean itsatsita geratu zaigun irudi hartatik. 1974an, Zabaletak gidatutako saio arrakastatsua baino sei urte lehenago,“Tximist” izeneko espedizioa abiatu zen Euskal Herritik Everestera: lehen ahalegin hartan, baina, ezin izan zuten gailurrik egin.

Makalu urrezko ezteiak



Duela berrogeitamar urte, 1955eko maiatzaren 15an, Jean Couzy eta Lionel Terray mendizale frantsesek Makalu menditzarra igo zuten lehen aldiz. Herrialde eta espedizio asko saiatu ziren Makalu edo “Beltz Handiaren” gailurrera heltzen, baina Jean Francok zuzenduriko espedizioak aurrea hartu zien denei. Couzy eta Terrayk tontorra egin eta egun bat beranduago, espedizio bereko beste zazpi mendigoizalek kateatu zuten Makalu.