Esnatzeko garaia

Lurra astindu da. Ituren eta Zubietako joaldunek okupatu berri dute Iruñeko Euskal Jai gaztetxea. Euskal Herriko hiriburu gainean joaldunen zapi gorria airean dabil. Baina bat-batean zabaldu da zurrumurrua: Miel Otxinen laguntzarekin udaltzainak gaztetxea hustera datoz. Ez da egia izango?, galdetu dute Lesakako Zakuzaharrek. Baietz erantzun dietenean, lastozko gorputzak mugitu eta hiriburuko gaztetxea defendatzera hurbildu dira. Udaltzainek ezin izan dute lurrera bota, eta errefortzuak eskatu dituzte. Ziripotek zabaldu die berria teilatu gainean irauten duten joaldunei: Zaldikoren frontea dator. Zaldikok banatu ditu lehenengo borra kolpeak eta Ziripoten defentsan iritsi dira Txatxoak. Hauen lerroetatik jaurtiriko molotov koktel batek eztanda egin du eta Miel Otxin ari da sutan. Txatxoak zortzikoa dantzatzen ari dira.
Baina gutxi iraun du pozak. Mundakako Atorrek uler ezin daitekeen kanta triste bat konposatu behar izan dute. 18/98 auzia dela eta kartzelaratutako Unanuako Mamoxarro bati eskaini nahi izan diote. Uztaritzeko leku ezezagun batetik heldu da matxinada; Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorrek bete egin dituzte kaleak.
Zuberoako lagunekin batera barrikadak altxatu eta Zamaltzain komandanteordeak Iruñea D.F. hartzera abiatzeko prest daudela iragarri du. Aizkora lurpetik atera eta, antzinako erritual bat jarraituz, baso ardo baten inguruan gobalet dantzari ekin diote. Basoak eutsi egin du, seinale ona balitz bezala.
Agian horrexegatik atera da kalera Ondarroako Lantzoia; euren buruak jauntxotzat dituztenei barre egiteko asmoz. Baina, adi egon jauntxo horiekin guztiekin, ohartarazi diote Altsasuko momotxorroek Ondarroakoari: eraikitzen ari diren Abiadura Handiko Trena ez da mozorroa, baizik eta gure amalurra zulatzen ari den munstro ikaragarria.
Inauteri garaia da; transgresio garaia. Horregatik, Joaldun, Zakuzahar, Ziripot, Txatxo, Atorra, Mamoxarro, Kaskarot, Ponpiera, Kotilungor, Zamaltzain, Lantzoia eta Momotxorro guztiak, Urkulu mendiko tontorrean bildurik, Irati Oihaneko Lehenengo Adierazpena irakurri dute, non Euskal Jai Iruñeko gazteen eskuetara itzultzea eskatu duten, 18/98 auziko giltzaperatutako guztien askatasuna eta AHTren lanak gelditzea, besteak beste. Bestela, Hiriburua hartuko dutela mehatxu egin dute. Hiriburua ez dakit, baina zuen herriko karrikak hartu dituztela ziur nago. Ongi pasa!