Esku zuriak

Esku zuriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/esku-zuriak/@@download/image/sexuak_144_1380788327.jpg
2013/10/07
erreportajea
Testua: Maider Jerico eta Lena Pritchard. Bitxigorria.
Esku zuriak
Aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, eta baita beste hainbat gizon eta emakumerentzat ere, euren sexualitatea bizi eta adieraztea ezinezkoa suertatzen da ohiko bideetatik, bakarka zein bikotean.


Askotan aniztasun fisikoa duten pertsonen gurasoek, hurkoenak eta emozionalki inplikatuenak izanik, beren seme-alaben sexualitatearen aurkikuntza, bizipen eta asetzeari aurre egin behar diete. Kasu batzuetan, prostituta batengana jotzea erabakitzen da. Baina prostituta horiek, aniztasun funtzionala duten pertsonekin harremanetan egoteko ohiturarik ez dutenez, eta haien behar espezifikoak ezagutzen ez dituztenez, ez dira lan horretarako egokienak. Kontuan hartu behar da baita ere, prostitutarekin izandako saio hori, sarritan, beste pertsona batekin konpartitutako lehen kontaktu intimoa izan daitekeela. Horrek, momentu hori emozionalki tentuz ibiltzekoa bihurtzen du, izan ere, segurtasun eza, ulermen beharra, azalpenak edota itxaropen faltsuak nahastu baitaitezke.

Kontu horiek guztiak lantzeko, hainbat erakunde sortu dira, mugimendua mugatuta duten pertsonen edota gorputz-adarrak falta dituztenen sexualitaren bizipenean sorosteko helburuarekin.

Japonian mota horretako erakunderik ezagunena White Hands deitzen da, eta zailtasun fisikoak dituzten gizonen masturbazioaz arduratzen da esklusiboki. Haien lana, sexualitatea lehen mailako beharra izanik, beste behar fisikoek bezalako arreta eta tratamendua merezi dutelako ideian oinarritzen da, komunera joateko asistentzia bezala. Horregatik, burutzen duten lana ez dute prostituzioaren eremuan kokatzen, mediku-asistentziaren parte bezala baizik, gelditutako sexu energia deskargatzen laguntzeko modu gisa.

White Hands-en zerbitzuak erritual zorrotza jarraitzen du: hasi aurretik elkarrizketa motza, beharrezko tresnen prestaketa eta ondoren masturbazioa. Langilea ez da inoiz ere maila erotikoan inplikatzen, eskuak besterik ez ditu erabiltzen eta bezeroaren genitalak estimulatzen ditu soilik.

Aitzitik, norberaren sexualitatea bizitzeko beharra haratago doa. Ezin da sexualitatea behar fisiko batetara mugatu. Sexualitatea oso zabala da eta beste hainbat alderdi ere kontuan hartzen ditu: afektibitatea, sentimenduak, sexualitatea bost zentzumenen bitartez bizitzea… Ezin da soilik "deskarga" bat eskaini, ezta gizonezkoentzat bakarrik ere.

Gai hau lantzeko beste modu bat Katalunian Sex Asistent elkarteak lantzen duena da. Helburu nagusia gizon eta emakume guztien sexu eskubideak bermatzea da, baina pertsona bakoitzaren aniz­tasun sexuala kontuan hartuz. Hau da, zerbitzua laguntza sentsual, erotiko edota sexualera zabaltzen dute: laztanak, ukituak, gorputz kontaktua, masajeak, joko erotikoak, masturbazioa, kitzikapen sexuala, sarketa, eta abar barne.

Sexu sorospen modu horren funtsezko ezberdin­tasuna alderdi terapeutikoa eta pertsona horien behar espezifikoekiko sentsibilitatea dira. Kasu horietan, zerbitzu intimo eta afektiboagoa eskaintzen denez, laguntzailearekiko amodiozko sentimenduak azaltzea errazagoa da, eta ez dugu ahaztu behar harreman terapeutiko batetaz ari garela. Beraz, ezin izango da inoiz bikote baten afektibitatearen ordezkotzat eskaini. Hortaz, horrelako zerbitzu baten azken xedea, norberak hala nahi izanez gero, bikotea aurkitzen laguntzea izan daitekeela uste dugu.

Fruta entsalada jogurt saltsarekin



Testua: Carlos J. Lahoz

Osagaiak:
Mango bat, banana bat, kiwi bat, sei marrubi, meloi zati bat... eta denboraldiko beste edozein fruta. Horretaz gain, jogurt natural bat, edalontzi bat ekilore olio eta kanela hauts pixka bat.

Nola prestatu:
Fruta zuritu eta zatitu. Plater polit batean jarri koloreak tartekatuz. Irabiagailuan jogurta jarri eta ekilore olioa gehitzen joan pixkanaka, maionesa egiten den bezala; saltsa arina gera dadila. Amaitzeko, busti fruta jogurt saltsarekin eta kanela ukitutxo bat eman.
Hori bertsio erraza litzateke. Zerbait sofistikatuagoa egin nahi izanez gero, jarri fruta gozoenei bi edo hiru kristal gatz ale (ez gehiago), Modena karamelu pixka bat eta almendra txigortu berri xafla batzuk. Apaintzeko, gehitu usaindun menda orri batzuk.

Iradokizuna:
Ligatuko duzula ezin dizugu ziurtatu, baina badira beti ondorio positiboak izaten dituzten estrategiak. Horietako bat gosaria ohera eramatea da. Ez dugu inor ezagutzen ohean gosaria hartzea gustuko ez duenik (nahiz eta tresna egokiak izan ezean deseroso samarra izan daitekeen). Beste estrategia bat bikoteari aurrean zuritu eta moztu berria izan den fruta plater bat jartzea da, atzamartxoak zikindu gabe jan dezan. Frutaren efektu afrodisiakoak, kanelak eta zure sex appealak gainontzekoa egin beharko lukete. Kale egiten badu, saiatu txuleta eder batekin. B plan ona izan daiteke.