Eskiula: mugako euskaldunak

Eskiula: mugako euskaldunak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eskiula-mugako-euskaldunak/@@download/image/16p24-1.jpg
2002/02/01
erreportajea
Allande Sokarros
Eskiula: mugako euskaldunak
Hemen dira inauteriak eta haiekin Zuberoako maskaradak iritsi dira. Aurten maskaradetako zenbait Eskiulak emango ditu. Eskiula, herri euskalduna, gehienok Euskal Herritik kanpora kokatu ohi dugu. Hona hemen herri honi buruzko zenbait argibide. 

Lehenik, Eskiula ez da Biarnoko herri euskaldun bat, euskal entziklopedietan hala azaltzen  den arren. Eskiula euskal lurraldearen bazter bat dago, baina ez da Okzitaniako lurretako euskal uharte antzeko bat.

Eskiulak ukitzen ditu Euskal Herrikoak bezala emanak diren bi herri: Barkoxe eta Montori. Barkoxerekiko mugari dagokionez, esaterako, nork pentsa dezake herri honetako pilota plazatik bizpahiru ehun metrora daudela Eskiulako lehen lurrak, hain zuzen ere, Joos errekaren gaineko zubitik landa? Alta, hala da eta, beraz, Eskiula Euskal Herria bezala emana den lurraldearen Biarnorako lurmutur bat bezala dago. Kontua da, aldiz, Biarnoko hiri aski handia den Oloruetik - 11.100 bizilagun- bos-pasei kilometrotan dela Eskiula, eta Zuberoako hiriburu Mauletik hogei bat kilometrora.

Atharratzeko jauna

Albert Constantin euskaltzaleak 520 biztanle inguruko herri honen jatorriaren berri eman zigun. Gaur egun Eskiula osatzen duten lurrak Atharratzeko jauregiko de Tardets familiaren ondasunak ziren. Sendi aberats hau lurralde zabalen jabe zegoen eta, esaterako, Biarnoan Ledeuixe zuten. De Tardets-ekoek, ondoren, de Luxe familia-deitura hartu zuten eta gogoan izan zuten Ledeuixeko lurrak emüts, hots, lurrik gabe ziren nekazari zenbaiti ematea, haiek landu zitzaten. Nekazari emüts haietatik gehienak Atharratze eta ingurukoak ziren, euskaldun peto-petoak, beraz. Hara nola, urteak pasa ahala, laborari lur eremu horietan etxaldeak ugaldu eta nekazari euskaldunek herri bat osatu zuten.

Alabaina, erlijione gerrak piztu zirelarik Frantzian, Zuberoa erdigunean harrapatuta izan zen. Alde batetik Jeanne d' Albret Biarnoko printzesa protestanteen buruzagi baitzen eta honi, katolikoen izenean, aurre egin baitzion Charles de Luxe-Tardets Eskiulako lurren jabeak. Gatazka hark ondorio latzak eragin zizkion Charles de Luxe Atharratzeko jaunari. Izan ere, Guicharnaud de Mesples Biarnoko jaun aberatsari aurreztu behar izan zion urrezko 20.000 libera garaiz itzuli ez zizkiolakoan, honek, ordainketa gisa, Leudeuixeko jauregiko lurrak -Eskiula bilakatuko zirenak- beretu egin zituen, auzitegi erabakiz.

Euskaltasunaren bidean aitzindari

De Mesples familia biarnotarrekoek, Eskiularen jabe egon ziren bi mendeetan, ahaleginak oro egin zituzten hango euskaldunak erdalduntzeko eta haien euskal nortasuna ezabatzeko: adibidez, Eskiula Barkoxeko parrokiatik kendu zuten eta elizagune sortu berrian apaiz biarnotarra izendatu. Alferrikakoak izan ziren, haatik, saioak eta eskiulatarrek tinko eutsi zioten euskarari. Garai hartatik dator eskiulatarren euskaltasun ospea.

Euskal kultura haztetik ere agerian utzi du Eskiulak bere euskaltasun sentipena. 1983an Eskiulan egindako maskaradak, esaterako, hutsune luze bati amaiera eman zioten. Orduz geroztik ere Albert eta Marcel Lerdou anaien lan tematsuari esker, Eskiulako euskal dantzariak Zuberoako onenen artean egon dira. 1992. urtean, bestalde, emakumez bakarrik osatutako lehenengo maskaradak egin ziren Eskiulan. Herriak aipamen zabala izan zuen, halaber, "Madalena de Jauregiberri" pastorala izan baitzen 2000. urtean.

Aurten, berriz, 1992koen ordain bezala, gizonezkoz soilik osatuta daude Eskiulako maskaradak. Ez uste izan, hargatik, bertakoak tradiziozale atzerakoi bihurtu direnik, ezta gutxiago ere! Gizonezkoek soilik ematea aurtengo maskaradak, adarra jotze bat bezala asmatuta egon da.

Euskal kulturak bizirik dirauela ematen du Eskiulan. Alabaina, Ipar Euskal Herriko toki guztietan bezala, euskarak itzelki atzera egina dauka eta 35-40 urte baino gutxiagokoetan ez da inor euskaraz hitz egiten entzungo. Haatik, esperantza atxiki dezagun Eskiula, lehen izan zen bezala, euskaltasunaren bidean aitzindari egongo dela berriro.

Datozen maskaradak


Eguna  Eskiulako maskaradak
Gamerako maskaradak 
Otsailak 10
Garindañe
Altzai 
Otsailak 17   Muskildi  Atharratze
Otsailak 24
 Montori  Arrokiaga
Martxoak 3
 Atharratze  Altzürükü
Martxoak 10
 Urdiñarbe
 Aloze
Martxoak 17
 Larrañe  
Martxoak 23
 Gotañe-Iribarne
 
Martxoak 24
   Zalgize
Martxoak 31
 Barkoxe  Idauze
Apirilak 7
 Lakarri  Santa-Grazi
Apirilak 17
   Sohüta-Hoki